zinema

Telebista, zinema desafiatzen

Urtarrilaren 22tik 27ra iraganen da 26. Fipa jaialdia, Miarritzen.

Nora Arbelbide Lete.
2013ko urtarrilaren 11
14:07
Entzun

1.150 bat saioren artean eginik hautaketa, 340 saio ekarriko dituzte nazioarteko ikus-entzunezko telebista saioen Fipa jaialdira. 26. aldia du aurtengoa, eta Miarritzen iraganen da, urtarrilaren 22tik 27ra. 

340 saio horien artean, zati handiena Fipatelerako dira —profesionalen arteko merkatua da—. Haien artean, adibidez, Barrura begiratzeko leihoak filma izanen da. Horrek erran nahi du hainbat erosle potentzialek begiratzen ahalko dutela filma, eta, nahi izanez gero, erosi.

Fipa sarien lehian izanen diren saioak, berriz, 54 dira. Dela fikzioak, telesailak, dokumentalak, erreportajeak, musika eta ikusgarrietan espezializatu sorkuntzak. Hiriko zinema areto guztietan ikusten ahalko dira goizetik arrats.

Aurtengo jaialdiaren berrikuntza nagusia lantaldean datza, jaialdia arduradun talde berri batekin baitator. Batetik, Didier Decoin presidentea, idazle eta gidoi egilea dena. Goncourt saria eskuratu zuen John l'enfer eleberriarentzat, 1977an. Frantziako Cesar zinema sarietako hautatzaile bat ere bada. Eta François Sauvagnargues idazkari nagusia, bestetik. Berriki arte, Arte telebista kateko fikzioen arduradun izana da. Bi haiek berriak badira, Jean Michel Ausseilek utzi egin du jaialdia —Fiparen hasieratik lantaldeetako zutabe bat zen hura—.

Lantalde berriak berrikuntza batzuk ekarri nahi ditu, baina oinarrian ez da halako aldaketarik ere ikusten. Hau da, jaialdiaren xedea telebistarako egiten diren saioei erakusleiho bat ematea da, frogatzeko telebista izan daitekeela kalitatezko komunikabide bat, "erabiltzen jakinez gero", presidentearen hitzetan. Telebistak ez duela ahalketzerik: "Sorkuntza, ausardia, asmatzeko gaitasuna, zineman baino gehiago, telebistan ikusten ditut".

SmartFipa dute horren adierazle, jaialdiko berritasun nagusia izanen dutena. Film interaktiboei interesatzea proposatuko du horrek.

Eta funtsean jaialdiak segitzen du "munduaren egoeraren berri eman nahian", azaldu duenez Sauvagnarguesek. Munduak dakartzan aldaketen lekuko. Idazkari nagusiak azpimarratu dituen aurtengo joeren artean XX. mendeko gerla handiei egin tokia dago. Txina eta India herriak aurtengo protagonistak ere badira. Herriok hobeki ulertzeko hainbat saio ikusten ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.