Normaltasuna eta lasaitasuna da nagusi Landako guneko kaleetan. Aukeran, jende gehixeago balego eta balebil nahiago lukete, jakina, saltzaile eta antolatzaileek; eta bereziki jende gehiagok baleros. Baina, tira... gaur, bihar edo etzi, izango da aurten ere kaleak beteta erakutsiko dizkigun egun bat. Seguru.
Horrelako festa jendetsu, kontsentsuatu eta hedabideek laudatu batean parte hartu nahi eta ezin izateak mingotsa izan behar duela etorri zait burura, Hiru argitaletxekoak gogoan. Arauak ez betetzeagatik geratu dira kanpoan azken urteetan, azokara euskarazkoak ez izateaz gain «euskal munduaz zerikusia» ere ez duten liburuak ekarri nahi izateagatik, hots, euskal gaia edo tema vasco lantzen ez dutenak. Durangoko Azokari, nire ikuspegitik begiratuta behintzat, Hiru baino arrotzagoak zaizkion argitaletxe askori ematen die hona sartzeko baimena euskal gai edo tema vasco etiketa horrek.
Mikel Garcia Idiakezen Zeluloidezko begiradak liburuari egindako kritikan (BERRIA, 2011-11-27), euskal zinema kategorian, euskaraz egindakoekin batera, euskal gaiak jorratzen dituzten filmak sartzearen aurka idatzi zuen Leire Lopez Ziluagak, ikuspegi «esentzialista» iruditzen zaiola esanez. «Gainerako herrialdeetako zinema zer den adierazteko ez da irizpide tematikoa erabiltzen. Ez dakit zergatik jarraitu behar diogun guk irizpide horri». Arrazoia du: ez dira tema vasco bezain etiketa erabiliak tema español, tema francés edo tema norteamericano gisakoak. Zergatik?
Seguru asko auzi zail eta korapilatsua da hau antolatzaileentzat, eta inork ez die emango arazoa behin betiko eta denen gustura konpontzeko formula erabatekorik. Baina uste dut euskal gaia edo tema vasco delako horren inguruan gogoeta egin beharra dagoela. Nire susmoa da Durangoko Azokaren lehen urteetan, eta are orain dela 20 edo 25 urte ere, izan zezakeen zentzua galdu duela tema vasco etiketak. Zorionez, gainera.
Utzi beharko diogu ba halako batean gai bat izateari, geure artean ari garenean sikiera!
Durangoko 46.Euskal Disko eta LiburuAzoka. Arre, arre Landako
'Tema vasco?' Ez, eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu