Pentsalaria-ren gihar bakoitzari darion tentsioa eta Calaisko burgesak eskulturako irudien muturreko emozioak Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik igarotzen diren milaka lagunengana helduko dira. Hain zuzen ere, Auguste Rodinek (Paris, 1840-Meudon, 1917) irudikatu zituen moduan kokatu dituzte plazan, ibiltarien mailan kokatu baitituzte, haren lana herritarrengana gerturatzeko asmoz.
«Iraultzailetzat» jo du Lluis Reverter La Caixa Fundazioko idazkari nagusiak Auguste Rodinen lana. «XIX eta XX. mende artean eskultura egiteko modua errotik aldatu zuen». La Caixako Gizarte Ekintzak eta Gasteizko Udalak Parisko Rodin museoarekin lankidetzarekin egindako erakusketak iraultza horren berri eman nahi du, Rodinen eskulturaren indarra, tentsioa eta emozio guztiak kalera eramanez.
Parisko museoa udazkenean eta neguan ixten dutela baliatuta mugitu dituzte eskultura horiek Gasteizera. Andre Mari Zuriaren plazan azaroaren 14ra arte egongo den Pentsalaria, adibidez, eskultorearen hilobiaren gainean egon ohi da. Munduan beste zenbait ale daudela gogorarazi du Helene Marraud erakusketako komisarioak; eskultorearen nahia betez egin ziren ale horiek, horien bitartez finantzatzen baita museoa, baita herritarrengana gerturatzeko helburua bete ere.
Erakusketaren aurkezpenean eskulturak agerian utzi ostean, Pentsalaria lanak bereganatu du arreta handiena. Aldizkari, liburu eta filmetan mila aldiz ikusitako irudiarekin txundituta agertu ziren gasteiztarrak. «Uztai bat ematen du, gihar guztiak tentsioan», entzun zen ikusle multzo artetik. Bitartean, zenbait ikuslek adituen azalpenen bila jo zuten.
Jatorrian Dante Alighieri irudikatu behar zuen eskulturak, poeta italiarraren Jankotiar komedia-n oinarrituta egongo zen ate monumental batean. Ordea, Rodinek Dante irudikatu behar zuen eskultura bereiztea erabaki zuen, eta Pentsalaria sortu.
Calaisko burgesak obrak ere plazan zeudenen harridura piztu zuen. Ignacio Martinez, 79 urteko gasteiztarra, Andrieu D'Andresen —Calaisko burgesetako baten— iruditik aldendu ezinik zebilen, bueltaka, ikuspuntu bakar bat ere ez galtzeko. «Ez dakit zergatik den, baina lur jota dago gizon hau! Ni neu txarto sentitzen hasi naiz...».
Heriotzaren bila
Jatorrizko eskultura sei irudik osotzen dute, oin berean elkarrekin, baina Gasteizen irudien brontzezko erreplikak aleka daude ikusgai; bost baino ez daude, eskultura bat —Jean de Fiennes handikiarena—konpontzen ari direlako. Ordea, irudi guztiak egon ez arren indarra mantentzen dute irudi guztiek.
«Heriotzaren bila egindako prozesioa» bezala definitu zuen Rodinek eskulturak iradokitzen duen historiako pasartea, 1347. urtean Calais-en (Frantzia) gertatutakoa. Eduardo III.a Ingalaterrako erregeak setiatu zuen, eta hiritarrak hilzorian zeudenean honako eskaini zien. Haien bizitzaren truke Calaisko sei handikik hiriko giltzak eskaini behar zizkioten; burua estali gabe izan behar zuten, alkandora bat soinean, eta lepo inguruan soka bat jarrita, urkatuak izateko.
Rodinen eskulturek haien bizia eskaini zuten sei handikiak irudikatzen dituzte, eta gizon bakoitzean emozio bat islatu zuen egileak: desesperazioa, indarra, harrotasuna, sinesgaiztasuna, zalantza...Rodin museoak utzitako eskulturetan haren lanaren bilakaera ere ikus daiteke. Behin betiko eskulturan gizon guztiak jantzita egon arren, Rodinek biluzik egin zituen hasieran, eta gero jantzi, eskulturaren barruko indarra agerian egon zedin. Atzodanik Andre Mari Zuriaren plaza betetzen duen indarra, hain zuzen ere.
Tentsioa eta emozioa ibiltarien artean
Rodinen 'Pentsalaria' eta 'Calaisko burgesak' egongo dira Andre Mari Zuriaren plazan azaroaren 14ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu