Zinema. Estreinaldiak

'The Artist': zuri-beltzean, mutua eta arrakastatsua

Aurtengo ezustekorik handienetakoa da Michel Hazaviniciusen filma, garai bateko zinemagintzari eginiko omenaldiaZinema mutuko izar handi baten gainbehera kontatzen du filmak

Zinema mutuaren garaiaren amaiera irudikatzen du The Artist-ek. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Zuri-beltzean eta mutua. Horrelakoxea da aurten kritikarik onenetakoak jaso dituen pelikula, The Artist. James Cameronek eta bere izaki urdinek zinema aro berri batean sartu nahi izan dute; baina, zorionez, bada jendea erroetara begiratzen segitzen duena, tradizio zinematografikotik adierazpide berriak ateratzeko.

Hori da, hain zuzen, Michel Hazanaviciusek lortu duena. Garai batean pelikulak egiten ziren moduari omenaldi bihotzeko bat egin nahi izan dio, eta, askoren harridurarako, haren apustuak arrakasta handia izan du. Ez da lehen aldia halakorik gertatzen dena; oso urrun joan behar izan gabe, orain dela sei urte, Philip Gronigen Die Grosse Stille dokumental ia mutuak milaka ikusle bereganatu zituen, monasterio batean nola bizi ziren jakin nahian.

Olivier Assayasen Carlos-ekin batera, The Artist aurtengo Cannesko zinemaldiko ezusterik handiena izan zen. Kritika ezin hobeak izan zituen, eta Jean Dujardin protagonistak gizonezko aktore onenaren saria eskuratu zuen. Horrekin batera, Uggie txakurraren interpretazioa ere oso goraipatua izan zen.

Hortik abiatuta, kontaezinak dira filmak jaso dituen sari eta izendapenak —horien artean, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi saileko ikusleen saria— eta dagoneneko Oscar sarietarako faboritoen artean dago. Benetan marka harrigarria halako ezaugarriak dituen film batentzat. Hazanaviciusek berak esan duenez, ikusle askorentzat honako hau izan da film mutu bat ikusi duten lehenengo aldia.

Zuzendariak oso argi zuen hala egin nahi zuela filma, eta ia hamar urte eman zituen proiektua onartuko zion ekoizle baten bila. Bitarte horretan, oso bestelako moldeko bi pelikula komertzial egin zituen Frantzian — OSS 117: Le Caire nid d'espions eta haren jarraipena den OSS 117: Rio ne repond plus— eta horiekin izan zuen arrakastak aukera berriak zabaldu zizkion. Azkenean, Thomas Langmann produktorea ausartu zen pelikula mutua egiten.

Artistaren gainbehera

Zuri-beltzean izatearena ez da horren arraroa. Oraindik orain hainbat zinemagilek tarteka bide hori erabiltzen dute, beren lanari prestigioa eman nahi diotelako edo, besterik gabe, koloreak ez dielako behar dituzten aukera artistikoak ematen. Jim Jarmusch da zuri-beltzezkoa gehien erabili duen zuzendari garaikidea. Baina beste zuzendari ezagun askok ere jo izan dute inoiz zuri-beltzera: Woody Allenek bere Manhattan ondu zuen, Tim Burtonek Ed Wood, Steven Spielbergek Schlinder's List, David Lynchek The Elephant Man...

Kasu honetan, ia nahitaezkoa zen zuri-beltza erabiltzea, istorioa 1927ko Hollywooden girotuta baitago eta orduko erreferentziarik gehienak grisean jaso dituzte ikusleek. Hala ere, askotan gertatzen den moduan, pelikula berez koloretan dago filmatuta, eta post-produkzioan zuri-beltzera pasatuta.

The Artist-ek-ek kontatzen duen istorioari dagokionez, honek ere molde klasikoa du erabat. George Valentin zinema mutuko izar handia da, profesional gisa dena ongi doakio. Halako batean Hollywooden pelikula soinudunak hasiko dira egiten, eta, aldaketa tekniko garrantzitsu horrekin batera, Valentinen ibilbide profesionala hondoratzen hasiko da. Bien bitartean, Peppy Miller izeneko beste artista batek kontrako bidea hasiko du, eta egun batetik bestera izar handia bihurtuko da.

Neurri handi batean, Hazanaviciusek kontatu duena errealitatean oinarrituta dago. Izan ere, zinema mutuan Hollywoodeko izar handiak zirenetako batzuek ez zuten jakin talkies-ekin behar bezala moldatzen, eta bigarren maila batera pasatu ziren; okerrenean, zuzenean erretirora. Egoera hori ederki aski jaso zuen Billy Wilderrek Sunset Boulevard maisulanean.

'THE ARTIST'

Zuzendaria: Michel Hazanavicius.

Aktoreak: Jean Dujardin, Berenice Bejo, James Cromwell, John Goodman, Penelope Ann Miller.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2011.

Iraupena: 100 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.