Musikazale guztiek oro har eta The Beatlesen jarraitzaileek zehatzago ondo gogoratzen duten irudia da. John Lennon, Paul McCartney, George Harrison eta Ringo Starr —Billy Preston teklistaren laguntzarekin—, neguko arropekin jantzita, teilatu baten gainean jotzen. Gaur, 44 urte bete dira mundu osora zabaldu ziren irudi ikoniko haiek grabatu zituztela. 1969ko urtarrilaren 30a zen, eta ordudanik beste hainbat musika taldek ere egin dute ahalegina eraikin bateko puntu gorenera igo eta handik zuzentzeko beren jarraitzaileengana.
The Beatlesek Apple diskoetxearen eraikinaren teilatuan emandako kontzertua taldearen inguruko publizistek ondo neurtutako ekintza izan zen, nahiz eta azkenean ez zen atera haiek espero zuten bezala. Asmoa zen kontzertua ematea tailatuan, hura grabatzea, eta —debekatua zegoenez teilatuen jotzea—, Poliziari itxoitea eta atxilotuak izatea. Taldea 42 minutuz aritu zen, eta, besteak beste, Get Back, I've Got a Feeing eta Erresuma Batuko ereserkia jo zituen—, baina denbora hori igarota, Poliziak kontzertua geldiarazteko eskatu eta norbaitek soinu ekipoa itzali zuen. "Poliziak igo zirenean ni jotzen ari nintzen", adierazi zuen gerora Ringo Starrek. "Pentsatu nuen: 'Ze ederra litzatekeen arrastaka eramango banindute'. Filmatzen ari ziren kontzertua, eta zoragarri geratuko zatekeen poliziak bateria ostikoka puskatzen hasi balira. Baina, normala denez, ez zuten egin".
The Beatlesek 1966ko abuztutik zeraman zuzenean jo gabe, eta, hain zuzen ere, ez zuen berriro joko.