The Doors izango du lehen protagonista 'Zuzenean II' zikloak

Bihartik hilaren 28ra arte hainbat musikari eta talderi buruzko film dokumentalak emango dituzte Artiumen

When You're Strange: A Film about the Doors filmeko irudi bat. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
The Doors, The White Stripes, Ian Dury, Chet Baker eta Daniel Johnstonen inguruko film dokumentalak ikusteko aukera izango da, besteak beste, Gasteizko Artium museoak antolatutako Zuzenean II musikari buruzko dokumentalen bigarren zinema zikloan. Zortzi emanaldi izango dira, horietako lau aste honetan etagainerako laurak hurrengoan, denak 20:00etan hasita, Artiumeko emanaldi aretoan. Filmak jatorrizko bertsioan emango dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin.

Tom DiCilloren When You're Strange: A Film about the Doors-en emanaldiarekin hasiko da zikloa, bihar. The Doors taldearen ibilbidea erakusten du filmak, 1965ean hasi eta taldearen buru Jim Morrison hil zen arte, 1971n. The Doorsen garai horri buruz hitz egitean hizpide izan ohi diren gai guztiek dute agerpena filmean: Morrisonen joera poetikoak, barbiturikoekiko zaletasunak, ekintza lizunengatik atxilotu zuten Miamiko kontzertu ospetsuak eta Jim Morrison mito egin duten abesti guztiak. Taldearen jarraitzaile askok bezala, taldeko teklistak, Ray Manzarekek, ez zuen gustuko izan Oilver Stoneren The Doors filma (1991); DiCilloren dokumentalak, aitzitik, «The Doorsen benetako historia» jasotzen duela adierazi du.

The White Stripes taldeko bi kideek —John Anthony Gillis Jack White gitarrista, pianista eta kantariak eta Meg White bateria, perkusio jotzaile eta kantariak— Kanadan zehar egindako bira kontatzen duen filma emango dute etzi, The White Stripes: Under Great White Northern Lights. Larunbateko filmak —Soul Train: The Hippest Trip in AmericaSoul Train telebista saio mitikoa du gai nagusi eta ardatz. Igandeko saioak Ian Dury punk-rock musikariaren bizitzaren nahiz musikaren garraztasunaren berri emango du, Matt Whitecrossek zuzendutako Sex & Drugs & Rock & Roll: The Life of Ian Dury filmaren bidez.

Hurrengo asteko lau saioek Sly Stone (Sly and the Family Stone), Scott Walker, Chet Baker eta Daniel Johnston izango dituzte protagonista, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.