Bukatu da BIMEren bigarren edizioa. Festibal garaia udarekin amaitu ohi den arren, nazioarteko zein etxeko taldeekin osaturiko kartel erakargarri batek 20.000 lagunetik gora erakarri ditu asteburuan Barakaldoko BECera.Lehenbiziko egunean emakumezkoen ahotsak protagonista izan baziren, atzokoan izarrak The National izan ziren.
The Nationalekin batera, The Kooks, Billy Bragg eta Mogwai ziren atzokoan gehien nabarmendu ziren taldeak. The Kooks taldea Brightonen sortu zen orain hamar urte. Beraien pop rock dantzagarriak harrera ona izan zuen, gazteenen artean, batez ere.
Jarraian jo zuen Mogwaik. Eskoziarrak zapalgailu bat dira zuzenean, eta ez dute inoiz hutsik egiten. Bidaia sonikoan murgildu zituen zaleak ikuskizunak iraun zuen ordubetean. Argi joko zainduak bidaia erraztu zuen gainera; apal doinuak horrela eskatu zuenean, edota ikusgarri, Hunted By a Freak edota Remurdered abestien goraldietan bezala. Beraien diskografia errepasatu zuten, handik eta hemendik heltzen; abenduan kaleratuko duten EP berriko (Music Industry 3. Fitness Industry 1) eskaini zuten, primizian.
Mina ematen duten gainjartze horietako bat suertatu zen ordu horretan. Izan ere, Mogwairen ordu berdinean Billy Bragg eta bere bandaren kontzertua zen hastekoa Bilbao Arenan; aldarrikapen ezberdinen artean (ustelkeriaren aurka, boterea herritarrentzako...), abesti sorta ederra utzi zuen, bertaratu zen jendetzaren gozamenerako.
Emozioa gailendu zen
The National hasi orduko jende andana zegoen agertoki nagusian. Estatubatuarrek beraien azken bi lanetan oinarritu zuten kontzertua, Trouble Will Found Me eta High Violence diskoetako abestiek harrera ona izan zuten, batek baino gehiagok lan zaharretako gehiago bota zituen faltan. Salbuespena izan ziren Mistaken For Strangers eta Mr. November bezalakoak. Taldeak Sufjan Stevensen laguntza izan zuten taula gainean, protagonismo gehiegi izan ez bazuen ere.
Dotore aritu zen taldea, eta Sea Of Love, Afraid Of Everyone eta Bloodbuzz Ohio bezalako abestiekin samur poltsikoratu zuten publikoa. Matt Berninger zaleen ozeanoan murgildu zen Terrible Love jarraitzaileekin batera abestu, eta amaiera borobil bat emateko kontzertuari. Orokorrean, bizia izan zen kontzertua, uneka ingurukoen zurrumurruak nekagarriak izatera iritsi arren. Mogwairen kontzertuan ere egon zen ixiltasuna eskatu zuenik.
The Nationalen ostean, Audienceren txanda iritsi zen. Bezperan ez bezala, euskal taldeek ez zuten elkarren artean lehiatu behar izan. Horrela, BIMEko taulan jotzeko aukera izan zuten Kometa, Señores eta Smile taldeek, besteak beste.
Atzetik aurrera
Arratsaldean ere kontzertu interesgarriak egon ziren. Mando Diaoren norabide aldaketak zeresana eman du. Hala ere, Dance With Somebody eta Black Saturday abestiek dantzan jarri zituen 2.agertokian bildutakoak. Aurretik My Sad Captain eta The Orwells taldeek eskaini zuten kontzertua.
The Kooks gustuko ez zutenek, aretora hurbildu eta Angel Stanich Bandaren kontzertuaz gozatu ahal izan zuten. Musikarien eta ikusleen arteko tartea (fisikoa) handia izan arren (Stanich berak nabarmendu zuen hau), konplizitatea lortu zuen zaleekin. Bestelakoak izan ziren goizaldean El_Txef_A eta Delorean eskainitako emanaldi dantzagarriak.
Esan bezala, antolatzaileek aurreikuspenak gainditu direla adierazi dute. Musikal jaialdian ez ezik, BIME PRO topaketak ere arrakastatsuak izan direla nabarmendu du Last Tourrek. Urriaren 29tik 31ra bitartean eginiko jardunaldietan, sortzaile industrietako 1400 profesional bildu ziren; milatik gora enpresa batu ziren egun horietan antolatzaileen arabera.