The Smiths, komiki egina

Manchesterko taldearen kantuetan oinarrituriko liburu bat atondu du Shawn Demumbrum editoreak

gorka erostarbe leunda
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Shawn Demumbrum AEBetako editorea da. Musikazalea eta komikien jalea. Eta, oroz gain, The Smiths taldearen maitalea. Zaletasun guztiak ekimen sortzaile batean txertatzea lortu du, Unite and Take Over komiki liburua argitaratuko baitu The Smithsen kantu ezagunenetako batzuetan oinarrituriko istorioekin eta hainbat eta hainbat sortzaileren kolaborazioarekin.

Editore independentea izanik, argitalpenaren kostua ezin zuen bere gain hartu Demumbrumek, ez berak bakarrik behintzat. Irudimena erabili zuen buruan zuen aurrekontua lortu ahal izateko: promozio bideo bat jarri zuen Interneten, The Smithsen zaleei laguntza eskatuz.

Emaitza ezin hobea izan da: 3.000 dolar (2.100 euro) batu behar zituen irailaren 11 baino lehenago, baina dagoeneko 8.200 dolar (5.600 euro) ditu bilduak. «Komikiaren bigarren zenbakia lantzen hasiko gara 12.000 dolar batu orduko; idazle eta artistak prest daude bigarren lan horretarako ere», adierazi du oraintsu Demumbrumek. Lehen liburuaren argitaraldian 2.500 ale argitaratu zituen deliberatuki; «beraz, promozio kanpaina amaitu bitartean bigarren argitaraldia ateratzeko aukera izan genezake. 600 kopia gorderik dauzkagu jadanik, eta gehiago ere eskatuko ditugu akaso».

Morrisseyk gidaturiko taldeak musika jarri zien Demumbrumen gaztaroko urteei, 80ko hamarkadan, beste asko eta askori bezala. «Nire disko kutunetako bat Pretty in Pink zen. Basoan korrika joaten nintzenean behin eta berriro entzuten nuen nire walkmanean. Please, Please, Please kantuak bazuen zerbait oso berezia; Morrisseyren ahotsak soilik atzeman dezakeen bakardadearen eta baikortasunaren arteko nahasketa hori nire psike nerabean txertatu zen», adierazi zuen Demumbrumek The Guardian egunkariak egindako elkarrizketa batean.

Hainbat egileren kolaborazioa

Mende laurden bete da aurten Manchesterko taldea desagertu zenetik, eta Demumbrumek bere gutizia betea ikusi ahal izango dulaster batean. Azaroan jarriko da salgai Unite and Take Over: Comic Stories Inspired by The Smiths, hainbat egilek osaturiko komikia, Tucsongo Comic Con jaialdian (Arizona, AEB) .

Liburua osatzeko kontzeptua oso argia izan da, editorearen hitzetan: «Zein istorio datorkizu burura The Smithsen kanturik gustukoena entzuten duzunean? Hamabost sorkuntza talde bildu ditut, zenbait marrazkilari eta idazlerekin, estilo nahiz genero desberdinak lantzen dituztenak. Istorio bakoitzak lau eta zortzi orri artean izango ditu, eta abestiak izango dituzte inspirazio iturri, abiapuntu, gai edo tonu sortzaile...», adierazi zuen berak egindako promozio bideoan.

Obrak 72 orri izango ditu marrazkiz ilustraturik, eta parte hartu duten artista gehienak AEBetako komikigintza alternatiboan ospea dutenak dira: Christian Vilaire, Herny Barajas, Jeff Pina, Shelby Robertson , John Chilak ... Istorioen sorburua izan diren kantuen artean The Smithsen ibilbideko klasiko asko daude: hor egon beharrekoak ziren Girlfriend in a Coma, How Soon Is Now?, Death at One's Elbow, Shoplifters of the World Unite, Rubber Ring, Stop Me if You Think You've Heard This One Before, Cemetry Gates, That Joke Isn't Funny Anymore eta Pretty Girls Makes Graves.

Ibilbide laburra bezain oparoa izan zuen The Smithsek 80ko hamarkadan. 1982an sortu zen, eta 1988an desagertu, eta tartean bost disko argitaratu zituen, The Smiths (1984) eta The Queen Is Dead(1986) biribil eta laudatuak tarteko. Pop-rock ingelesean arrasto sakona utzi duen taldea da. Behin desagertu eta gero Morrisseyk bakarkako ibiliari ekin zion, eta dozena bat disko argitaratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.