Cannesko eta Berlingo zinema jaialdietan film onenaren sariak lortu zituzten bi lanak erakutsiko ditu Donostiako 59. Zinemaldiak, Zabaltegi-Perlak sailean. Terrence Malick zinemagile estatubatuarraren The Tree of Life filmak irekiko du saila, joan den maiatzean Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen pelikulak, hain zuzen. Ashgar Farhadi zuzendari irandarrak, berriz, Berlinaleko Urrezko Hartza eskuratu zuen otsailean Jodaeiye Nader az Simin (Nader and Simin: A Separation) lanarekin, eta hura ere emango dute Zinemaldiko sail berezian.
Bi film horiekin batera, nazioarteko zinema jaialdi nagusietan aurkeztutako beste zazpi lan aukeratu dituzte atal horretarako. Publikoaren Saria lortzeko hautagaiak dira guztiak.
'The Tree of Life'
Giza existentziari buruzko gogoeta poetiko eta pertsonala egin du Terrence Malick zuzendariak filmean. Izen handiko bi aktore aukeratu zituen lanerako: Brad Pitt eta Sean Penn. Bere lehen pelikularekin —Badlands (1974)— Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen zinemagileak. Soilik beste lau film ondu ditu ordutik—The Tree of Life da berriena—. Days of Heaven-ekin (1978) zuzendari onenaren saria eman zion Cannesek, eta The Thin Red Line-ekin (1999) Urrezko Hartza Berlinalek.
'Jodaeiye Nader az Simin' ('Nader and Simin: A Separation')
Dibortzio bati buruzko drama, familia banaketa bati buruzkoa zuzendu du Asghar Faradik. Urrezko Hartzaz gain, gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak ere eskuratu zituen filmak Berlinalen. Haren aurretik, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen zinemagile irandarrak, Kanojo ga kieta hamabe (2009) lanari esker.
'The Artist'
Cannesen aktore onenaren saria irabazi zuen Jean Dujardinek, Michel Hazanaviciusen zuzendaritzapean eginiko interpretazioagatik. 1920ko hamarkadako zinema omentzeko, maitasun istorio samurra eraiki du zinemagileak; film mutua egin du frantziarrak, eta zuri-beltzean. Aurrez espioien filmak parodiatuz egin zen ezagun zuzendaria bere sorterrian.
'Drive'
Nicolas Winding Refn daniarrak Cannesko zuzendari onenaren saria irabazi du thriller estilizatu honi esker. Ryan Gosling du protagonista. AEBetan egin duen lehen filma da Drive, baina Europan kultuko zuzendaritzat hartzen dute askok, besteak beste,Pusher trilogiari esker.
'Et maintenanton va ou?'
Kristau eta musulmanen arteko gatazka oinarri hartuta, berradiskidetzearen aldeko dei dibertigarria egin du lan honetan Nadine Labaki Libanoko zuzendari eta aktoreak. Duela lau urte, Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zuen Sukkar banat (Caramel, 2007), eta film horrekin egin zen ezagun. Epaimahaiko kide ere izan zen orain hiru urteko Zinemaldian.
'Le Havre'
Fabula proletario tragikomiko honi esker, Aki Kaurismaki zinemagileak nazioarteko kritikaren Fipresci saria jaso du Cannesen. Jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du finlandiarrak, eta klasiko modernotzat jotzen dira haren hainbat lan, Ariel (1988), Tulitikkutehtaan tyttö (1990), Kauas pilvet karkaavat (1996) eta Mies vailla menneisyyttä (2002), tartean.
'Martha MarcyMay Marlene'
Sekta batean harrapatutako gazte bati buruzko drama da AEBetako ekoizpen hau, Sean Durkinek zuzendua eta Elizabeth Olsen protagonista duena. Durkinen lehen film luzea da, eta, Sundanceko zuzendari onenaren saria ez ezik, Canneseko Regard Jeunesaria irabazi ditu pelikulari esker.
'Pina'
Wim Wenders zinemagile alemaniarraren lan berria da, eta hiru dimentsiotan egin duen lehena. Pina Bausch dantzariaren koreografiei buruzko dokumentala da, eta genero horretan lan onenaren saria eman diote Berlinalen. Alice in den Stätden (1974), Im Lauf der Zeit (1976) eta Paris-Texas (1984) lanekin, besteak beste, egin zen ezagun zinemagilea.
'Tyrannosaur'
Paddy Considine aktoreak zuzendari gisa egin duen lehen lana da. Erresuma Batuko zinema errealistaren barruan kokatu dute lana, eta Peter Mullan zein Olivia Colman ditu protagonisten roletan —biei sari berezia eman zien Sundancek, eta zuzendaria ere saritu zuen—. Alkoholarekiko menpekotasuna duen gizon baten eta tratu txarrak jasan dituen emakume baten arteko laguntasuna da istorioaren ardatza.
'The Tree of Life'-k, Cannesen irabazitako filmak, irekiko du Zabaltegi-Perlak saila
Zinemaldiko sail berean erakutsiko da Berlinalen Urrezko Hartza lortu duen 'Nader and Simin: A Separation' pelikula
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu