Atenas sorlekuan hil da Theo Angelopoulos (Grezia, 1935) zinemagilea, Keratsini auzoan, errepidea zeharkatzen ari zela polizia batek istripuz motoarekin harrapatuta. Angelopoulosek zuzenbide ikasketei ekin zien gaztetan, baina arlo hori utzi eta Literatura ikasi zuen Parisen. Orduan hasi zen zineman interesatzen. Hala ere, Greziara itzuli eta kazetaritzan aritu zen, harik eta militarren kolpearen ondorioz 1967an Demokratiki Allaghi egunkaria itxi zuten arte. Une hartan heldu zion benetako bokazioari eta filmak egiten hasi. 1970ean estreinatu zuen aurreneko luzemetraia: Anaparastasi.
'Pausatua' da haren zinema egiteko modua adieraz dezakeen hitza. Ulisesen begirada (1995) eta 1998an Cannesen Urrezko Palmorria eskuratu zuen Eternitatea eta egun bat dira haren lan ezagunenetakoak.