Thomas Belhomek irekiko du udaberriko Donostikluba

Jay Jay Johanson, Maika Makowski eta Johnny Kaplan ere izango dira, besteak beste, apirilaren 1etik aurrera

gorka erostarbe leunda
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Jatorri eta estilo anitzetako hamazazpi kontzertuk osatuko dute Donostikluba zirkuituaren udaberriko egitaraua, apirilaren 1ean hasi eta uztailaren 2ra bitartean. Donostiako musika areto txikiak izango dira rock eta pop alternatiboaren aterpe.

Thomas Belhom musikari estatubatuarrak irekiko du zirkuitua, apirilaren 1ean, Be Bop tabernan. 1997an Arizonan sorturiko Amor Belhom Duoko kide izateaz gain, Calexico taldearen hurbileko kolaboratzaile izan da, eta Tindersticksen azken antzaldaketan parte hartu du. Bateria jotzaile eta perkusionista malgua da batez ere Belhom, baina gitarra eta beste zenbait musika tresna ere jotzen ditu.

Atzerriko rock eta poparen esparrua ondo beterik egongo da, Jay Jay Johanson Suediako kantugile elektroniko malenkoniatsuarekin, blues-country zikina jotzen duen Johnny Kaplanekin, Gribitch Brothers & Sisters Parisko punk-psicobilly taldearekin, folketik blueserako bidea egiten duen —pop lengoaiari helduz— Maika Makowski Mallorcako (Herrialde Katalanak) kantariarekin eta Pony Bravo espainiarren jatorri anitzeko oihartzun kulturalez osaturiko pop-rock biziarekin, besteak beste.

Euskal Herriko taldeak ere izango dira Donostikluban. Mikel Azpirozek gidatzen duen Elkano Browning Cream Bukowskin ariko da apirilaren 2an —Euskal Herrian eskainiko dituen lau kontzertuetan hirugarrena—. Egun berean, Gabon Japon izeneko festa egingo da Guardaetxean —musika eta bideoa uztartuz— , eta Eibarko Napoka Iria bikotea maiatzaren 6an ariko da Kontadoresen, Bart Davenport talde estatubatuarraren aurretik. Zirkuituari Soul Supreme izeneko bi jairekin emango zaio amaiera, uztailaren 1ean eta 2an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.