Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Thor konpainiak Bachen musika irudi bihurtuko du 'To the Ones I Love' obran

Thierry Smitsen lan garaikideak irekiko du Hamabostaldiko dantza egitaraua, gaur, Viktoria Eugenia antzokian

To the Ones I Love, Belgikako Thor konpainiaren obra. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Johann Sebastian Bachen doinuek mugiaraziko dituzte dantzariak agertoki zurian, eta irudiak osatuko dituzte, dantza garaikidearen aukera formalak aztertzeaz bat. To the Ones I Love (Maite ditudanei) eskainiko du gaur Belgikako Thor konpainiak, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Pieza horrekin ekingo dio Musika Hamabostaldiak aurtengo dantza egitarauari, eta Romeo eta Julieta obrarekin emango dio segida eta amaiera, hilaren 20an eta 21ean.

Dantza garaikideak eta Bachen musikaren tradizio noiznahikoak bat egiten dute To the Ones I Love piezan. Thierry Smits koreografoaren azken obra bat da. Eta bertan dantzarien mugimenduek irudiak eratzen dituzte orrialde zuri batean; alegia, agertoki zurian. Smitsen mezua ez da politikoa. Planteamendu estetiko baten aldeko hautua da, exotismoari kontzesiorik batere egiten ez diona. Hala, Thorreko afrikar jatorriko bederatzi dantzariak dekoratu zurian mugituko dira, Bachen musikari jarraituz, era bateko zein besteko jauziak eta pausoak lotuz. Bachen musika energia bihurtuz.

1990ean sortu zuen Smitsek Thor konpainia, Belgikan. 30etik gora ikuskizun ondu ditu ordudanik. Eta pertsonari dagozkion hainbat eremu ikertu ditu, hala nola mistizismoa, erotismoa eta gorputzaren eta gogoaren arteko harremana. Munduaren luze-zabaleko hainbat dantzari aipagarri igaro dira Thor konpainiatik, eta nazioarteko sona handiko hainbat plazatan aurkeztu dituzte obrak. Itzal handiko konpainia da Belgikan, eta herrialde hartako erakunde askoren babespean jarduten da.

Thierry Smits Thor konpainiaren sortzaileak Bruselan eta Parisen ikasi zituenballeta eta dantza modernoa, eta dantzari gisa ibilbide laburra egin ondoren, koreografo moduan hasi zen beharrean. Haren lanek sari ugari jaso dituzte. Eta 1995. eta 1998. urteetan Belgikako SACD saria eskuratu zuen. Nazioarteko beste konpainia batzuentzat lan egiten du, halaber. Koreografiak sortzen ditu horientzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.