Tindayako egitasmoaren aurka azaldu dira 200 irakasle, zientzialari eta arte aditu

Proiektuak jada ez duela jatorrizko ideiarekin zer ikusirik uste dute, eta Tindayakoa babesgune bat dela gogorarazi dute

Agentziak
Las Palmas
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Eduardo Txillidak Tindaya mendian egin asmo zuen proiektua behin betikoz bertan behera uzteko eskatu diote hainbat unibertsitate irakaslek eta zientzialarik Kanarietako Gobernuari, eta arrazoi ekonomikoak, artistikoak eta ekologikoak argudiatu dituzte. 200 lagunek sinatutako manifestu bat aurkeztu zuten atzo jendaurrean. Sinatzaileen artean eskultoreak, pintoreak, arte historialariak, arkeologoak, biologoak, ingeniariak, geografoak eta ikasleak daude.

Tindaya mendiaren natur eta kultur balioak direla eta, gune hori uhartediko babes mailarik handienetako bat dela dio manifestuak, eta segidan gogora dakar «zuzenbide, hirigintza, arkeologia, geologia eta artean adituak diren pertsona ugarik» ez dutela proiektua «babes maila horrekin bateragarria» jotzen.

Halaber, gaur egungo proiektuak jada ez duela «Txillidaren jatorrizko ideiarekin zer ikusirik» uste dute sinatzaileek. «Eskultoreak proiektu garbia eta ingurumena errespetatzen zuena pentsatu zuen, baita ustelkeria eta bidezkoak ez diren negozio susmoetatik aske zegoena. Errealitateak, zoritxarrez, kontrakoa erakutsi du». Adituen aburuz, proiektuaren bideragarritasunaren inguruan herritarrak «engainatzen» jarraitzen dute, «kanariar gizartearentzat krisi larriko une batean diru publikoa xahutzen jarraitzen duten bitartean». Proiektuaren bideragarritasuna zalantzan dagoela diote, bai arrazoi tekniko zein ekonomikoak medio, bai lege eta administrazio auziei dagokienean. Egitasmoaren inguruan «eskandalu ugari» egon direla eta dagoeneko 25 milioi euro gastatu direla ekarri dute gogora.

Hala, proiektua betirako bertan behera uzteko eta Tindayako ingurunearen natur balioak berreskuratzeko eskatu diote gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.