Lev Tolstoiren Zer da artea? saiakeraren pasarte hautatuak jasotzen dituen liburua kaleratu du Donostiako Meettok argitaletxeak, Aritz Gorrotxategik apailatu eta euskaratuta, bi testu gehigarrirekin: Gorrotxategik idatzitako sarrera eta Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano eta Andoni Egañak Tolstoiren liburua oinarri hartuta egindako solasaldi baten transkripzioa.
Berak idatzitako bi nobela ezagunenak, Gerra eta bakea eta Ana Karenina, gaitzetsi eta arte faltsutzat jotzen ditu Lev Tolstoi idazle errusiarrak (Iasnaia Poliana, 1828-Astapovo, 1910) Zer da artea? saiakeran, eta baita bere garaiko edo lehenagoko beste hainbat sortzaile ezagunen lanak ere: Dante, Shakespeare, Goethe, Beethoven, Wagner, Baudelaire, Verlaine…
Tolstoiren iritziz, arteak sentimendu baten transmisioa du oinarri nagusi, eta gizakien arteko senidetasuna izan behar du helburu.
Liburuaren amaieran jasotako solasaldian, Atxaga, Cano eta Egaña Tolstoiren gogaide ageri dira hainbat kontutan, baina ez guztietan. Adibidez, Canok ez du uste originaltasuna funtsezko eta nahitaezko balioa denik artearentzat, eta egungo artista “gustu oneko kleptomanoa” izan daitekeelakoan dago.