Dantzaren eta literaturaren inguruko bere ikerlanengatik egin zen ezagun Joxemiel Bidador (Iruñea, 1970-2010), baina haren beste alderdi orain artean bederen ez horren ezaguna erakusten duen liburua kaleratu du Pamiela argitaletxeak: Hutseaniko hazkurria eta beste poema liburua. Aurtengo martxoaren 2an hil zen Bidador, garuneko isuri baten ondorioz. Ordurako bizpahiru hilabete ziren Hutseaniko hazkurria poemategia Pamiela argitaletxean entregatua zuenetik, argitaletxe horren bitartez kaleratzeko asmotan. Bidadorren poemategi horretaz gain, egile beraren beste bi ere sartu dituzte Pamielako arduradunek liburuan, Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatutako lehiaketan sarituak biak ere: Andrea eta desgizonaren gauzatzea, 1993koa, eta Garañoko gatazkaren bart bezperan egin besta isila, 1995ekoa.
Lehenengo pertsonan idatziak dira poemetako asko, eta liburuan «barne hustuketa» bat egiten du Bidadorrek, haren adiskide Patxi Larrionek azaldu duenez. «Haren iritzi artikuluetan ageri diren ideietako batzuk poema liburuan ere ageri dira. Inork baino hobeki ezagutzen zuen tradizioa, eta hori ere islatzen da liburuan. Joxemi ezagutu genuenok badakigu zein jostaria zen, eta hori ere antzemango du irakurleak».
«Euskal literaturaren tradizioa, eta batez ere Nafarroa Garaiko euskal literaturaren tradizioa, ez dela uste zen bezain urria jakin genuen Bidadorren lanari esker», dio Larrionek. «Ikerlari eta dibulgatzaile gisa ezagutu dugu, eta berak egindako lanak hor daude. Besteen lanei, bai gerra aurreko eta bai gerra ondorengo idazleen lanei hauspoa eman die. Bidadorren sormen lanaren hazkurria tradizioa izan da, baina argi zuen, bere ikerketek ere hori frogatzen baitzuten, tradizioa sortu egiten dela, guk sortzen dugula».
Ikerlari eta dibulgatzaile gisa idatzi zituen bi liburu nagusien ondoren —Materiales para una historia de la literatura en Navarra eta Dantzaren erreforma Euskal Herrian— Bidadorrek «oso garbi» zuen, Larrionen ustez, «eta liburu hau da horren lekuko», sormenari emana segitu behar zuela. «Hil aurreko garaiko bere kezketako bat horixe zen».
Poeta gisa «bere lekua»
Poema liburu berriarekin, Bidadorrek poeta gisa «bere lekua» hartuko du, Jose Angel Irigarai idazle eta Pamiela argitaletxeko editorearen ustez, eta bere poemak «erreferente» bilakatuko dira. Liburua kaleratzea «betebeharra» izan da Irigarairentzat, eta zuzenketa lanetan Bidadorren alargun Idoia Sararen laguntza izan du.
Heldu den urteko martxoan, haren heriotzaren lehen urteurrena gogoan, Bidadorren omenezko ekitaldia egiteko asmoa dute haren adiskide eta gertukoek, Hutseaniko hazkurria eta beste poema liburua oinarri hartuta.
Tradizioa egin egiten delako
Joxemiel Bidadorren obra poetikoa jaso du Pamiela argitaletxeak 'Hutseaniko hazkurria eta beste' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu