«Tragediatik jaiotako komedia»

Dar-Dar taldeak gaur estreinatuko du 'Etzi', Downen sindromea duen gazte bati buruzko antzezlana

gorka erostarbe leunda
Tolosa
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Agertokia minimalista da, soila, etxebizitza baten barrunbe zuria, ia hotza. Mattin 10 urteko haurra (Asier Oruesagasti), aitonarekin (Jose Ramon Soroiz), amonarekin (Pilar Rodriguez) eta Bruno anaiarekin (Gorka Zufiaurre) bizi da. Brunok 16 urte ditu eta Downen sindromea du. Bera eszenaratu orduko, oholtzak, agertokiak, bizia hartzen du. Baina dena ez da festa. Etzi antzezlana Downen sindromea duen pertsona baten eta haren familiaren egunerokotasuna islatzen duen saio bat da, Karlos Linazasoro idazlearen izen bereko ipuinean oinarriturikoa. Dar-Dar konpainiak ekoitzi du lana, eta Asier Zinkunegi aktorea da zuzendaria (Legorreta, Gipuzkoa, 1971). Gaur estreinatuko da obra, Tolosako Leidor aretoan (20:30).

Estreinaldiaren bezperako entsegu orokorra egiten ari dira aretoan bertan. Linazasoro kezkaturik dago jendea joango ote den obra ikustera. Berak 2007an idatzitako ipuinaren berri bien lagun komun Joxean Ormazabali esker izan zuen Zinkunegik: «Hark aholkatu zidan irakur nezala, eta hark esan zidan gure antzezlan ildoan egoki txerta zitekeela».Arratsalde eguzkitsu batean irakurri zuen ipuina Zinkunegik, baina irakurtzen amaitzerako burua «lainotua» zuela ohartu zen: «Asko hunkitu ninduen istorioak».

Ipuina antzezlan bihurtzeko lanean Linazasoro bera eta Teresa Calo izan ditu bidelagun Zinkunegik: «Konplexua izan da. Ipuin narratibo batetik abiatu gara, baina drama beste gauza bat da. Antzerkiak beste kode batzuk ditu. Lan handia egin dugu antzerki ikuskizun bihurtzeko». Linazasorori kosta egin zaio bi dimentsiotatik hiru dimentsiotara igarotze hori: «Nik ez daukat zuzendari batek duen begirada. Testuari bizia eman behar zitzaion. Testua berridatzi egin nuen goitik behera osorik, narrazioa elkarrizketa bihurtu behar baitzen».

Gorka Zufiaurre lehen ere aktore lana egindakoa da, nola antzerkian hala film laburretan, baina amateurra ez den konpainia batekin aurrenekoz ariko da. Euskal Herrian aurrenekoz gertatuko da hori, gainera. «Gorka izugarria da. Goizero entseatzera izugarrizko ilusioarekin etortzen da, eta, alderdi horretatik, aktore profesional guztientzat irakaspen handiak ditu Gorkak». Downen sindromea dutenekiko sentiberatasuna sentiberakeria bihurtzeko arriskua izaten dute halako lanek, baina egileek argi dute halakorik ez dagoela Etzi-n: «Karlosen ipuinean ez dut hori ikusten, eta ikuskizunean ere ez dagoela argi eta garbi esan dezaket. Errealitatea erakusten du eta gogoetarako bide ematen du», esan du ziurtasunez Zinkunegik.

Indarra, pertsonaietan

Uda osoa lanean igaro ondoren, Urnietan (Gipuzkoa) egin zuten jendaurreko entsegua, irailean, lehen sentsazioak jaso ahal izateko. Jendearen «hunkidura» nabarmendu du Linazasorok: «Istorioa nahiko tristea da, gogorra da, eta jendeak une askotan korapilo bat izango du eztarri inguruan, baina konpentsatzeko, antzezlanak baditu umore ukituak ere, batez ere Bruno azaltzen denean». Zinkunegiren hitzetan, «tragediatik jaiotako komedia bat da, bizitzan askotan gertatzen den bezala».

Istorioaren zein eszenaratzearen xumetasunak ematen dio indarra antzezlanari, Linazasorok dioenez. «Oso istorio soila da, pretentsio handirik gabea, handinahikeriarik gabea. Pertsonaietan dauka indarra. Ez da gehiago behar eta hori iritsi egiten da». Istorio xumea, baina intriga etakarga emotibo handiak dituena, Zinkunegik zehaztu duenez: «Egitura aldetik xumea da, baina emozio aldetik asko eskatzen duena. Aktoreei egia eskatu diet hasiera-hasieratik. Sentitzen ez dutena ez agertzea. Lanak duen dramaturgian sinesten dut, eta gainerakoa etorriko da, eta etorri da jada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.