Trikitiaren eta biolinaren ahairera dantzatuko da Nazioarteko Jaialdia

Euskal Herriko nahiz atzerriko sei talde ariko dira Andoaingo Bastero kulturgunean, ostiralean

Stepehen Doherty soinu jotzaile irlandarra. TRIKITIXA ELKARTEA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie (Okzitania), Stephen Doherty eta Patrick Doocey (Irlanda) eta Jorge Arribas eta Diego Galaz (Espainia) etorriko dira atzerritik. Arrabots, Jon Ostolaza eta Juan Arriola, eta Maixa Lizarribar, Ines Osinaga, Maite Loidi eta Xabier Zeberio izango dira Euskal Herriko ordezkariak Nazioarteko Trikitixa Jaialdian. Hamargarren urtez egingo da jaialdia, Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa) oraingo honetan, ostiralean, 22:00etatik aurrera.

Eskusoinuaz gain, biolina izango da aldi honetako bereizgarri nagusia, talde guztiek izango baitute biolin jotzaile bat. Soinu diatonikotik abiatuta molde desberdineko kantu eta errepertorioak entzun ahal izango dira.

Belaunaldi berriko soinu jotzaile esanguratsuenen artean dago Cyrille Brotto okzitaniarra. Hamar urte baino gehiago daramatza kontzertuak eskainiz, topaketetan parte hartuz nahiz askolak emanez. Alexandra Lacouchie biolin jotzailearekin batera, Quercy, Gaskonia, Auvernia eta Limousingo errepertorio tradizionala izango dute ardatz.

Stephen Doherty musikari irlandarrak hainbat musika tresna jotzen ditu, eta domina ugari lortu ditu soinuarekin. Sarritan bere emanaldietan Céili eta Sean-nós Dance eskaintzen ditu: hanka joko bereziarengatik ezagutzen den Irlandako dantza tradizionaleko estilo zaharrena. Patrick Doocey musikaria izango du aldamenean.

Fetén Fetén izena du Jorge Arribas eta Diego Galaz Gaztela Leongo (Espainia) musikarien proiektu berriak. Herri musika tradizionala, kabareta eta bestelako zenbait estilo uztartzen dituzte. Jorge Arribas Celtas Cortos taldeko kide izan bada ere, bere proiektuei eusten jakin dien musikaria da, musika tradizionala, ganbara musika eta folka landuz. 2005ean hasi zen La Musgaña taldean, eta talde hartako kidea da Duego Galaz biolin jotzaile ezohikoa ere.

Biolinari herri musikan nortasun propioa ematea da, hain zuzen ere, Abarrots taldearen helburuetako bat. Dantzaldi gidatuak egiteko sortu zuten taldea Txus Aranburuk, Arkaitz Minerrek, Gari Otamendik, Jokin Otamendik eta Iñaki Otegik. Hemengo plaza dantzak eta Europako herri dantzak erakutsi eta festa dibertigarri bat egitea da Arrabotsen helburu nagusietako bat.

Jon Ostolaza 13 urterekin hasi zen soinu txikia astintzen. 2007an Faborez 01 diskoan parte hartu zuen Rakel Pujanarekin, eta 2008an zuzenean grabaturiko Lasturbidean plazaratu zuten. Juan Arriola biolin jotzailea izango du alboan. Klasiko munduan egin zituen lehen urratsak, baina berehala folk edo herri musikan murgildu zen. Alboka taldeko kide izan zen hainbat urtez.

Maixa Lizarribar, Ines Osinaga eta Maite Loidi trikitilariek Xabier Zeberio biolin jotzailea izango dute lagun ostiraleko jaialdian. Hortaz, biolinak panderoaren lekua hartuko du askotan.

Ostiraleko kontzertuaz gain, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak egitaraua antolatu du larunbaterako ere. Oñatin (Gipuzkoa), Lizargarate Trikitixa Elkartearekin batera, workshop (solasaldi musikatuak), kalejirak, tabernetako emanaldiak, herri afaria eta erromeria izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.