Zuzendaria: Alejandro Gonzalez Iñarritu. Gidoia: Armando Bo, Nicolas Giacobone, Alejandro Gonzalez Iñarritu. Aktoreak: Javier Bardem, Maricel Alvarez, Eduard Fernandez. Herrialdea: Mexiko. Iraupena: 131 minutu.
GontzalAgote
Aspaldiko lagunarekin etsaitu ondoren, halabeharrez bide berri bati ekin behar izan dio Alejandro Gonzalez Iñarrituk. Guillermo Arriagaren gidoi trinkoa atzean izan gabe. Ia-ia hasiberri baten legez, haren irudiek badutela zer esan erakutsi behar izan du. Ez zuen egiteko erraza; besteak beste, aurreko hiru filmekin irabazitako prestigioak ez baitzion esperimentuetarako tarte handirik uzten.
Horregatik guztiagatik, laugarren pelikula hau berezia izan du oso zinemagile mexikarrak. Jakin bazekien lupaz begiratuko zutela haren lana, baita morboz ere. Ataka horretan egonda, ausardia aitortu behar zaio Gonzalez Iñarrituri, ez baitu dagoeneko urratutako bideetatik ibiltzea aukeratu; nahiago izan du berri bat zabaldu. Kontua da bide osoa egin ordez, erdibidean-edo gelditu dela.
Alde batetik, bestelako itxura izan arren -askoz ere ilunagoa, grisagoa- Biutiful ez delako guztiz berria. Nolabait, haren aurreko Babel globalizatu horren ifrentzua da Bartzelonan girotutako istorioa. Babel-en, globalizazioaren ikuspegia mundu osora zabaldu nahi izan zuen zuzendariak -orduan bai, Arriagaren laguntzaz-, gaur egun dagoen interkonexioa agerian utzi nahian.
Biutiful-ek ere mundu zabal hori jaso nahi izan du, baina kontrako estrategia erabiliz: kontinente diferenteetara bidaia egin beharrean, denak Europako hiriburu ustez moderno baten mikrokosmosera eraman ditu. Ahalegina interesgarria izanagatik, arazo larri samarra du, ezin baitu turista solidarioaren begirada gainetik kendu. Poetikaren bilaketa ia desesperatuan, azalkerian gelditu izan da hainbatetan Gonzalez Iñarritu, eta joera hori bereziki nabarmena da Biutiful-en.
Filmak gehiegi hartu nahi du bere barnean, hondoratze pertsonala eta kolektiboa lotuz, baina bien arteko uztarketak ez du behar bezala funtzionatuko. Oraingo honetan makineriaren olioztatzea ez da batere eraginkorra izan, beharbada ondoan gidoilari trebe bat falta zuelako.
Doilorkeria da nagusi Biutiful-en; horren barruan, Uxbal protagonistaren gainbehera da alderik erakargarriena, Javier Bardemen interpretazio bikainak lagunduta. Horretara mugatu izan balu narrazioa, pelikulak asko irabaziko zukeen, baina new age ukitu metafisikoek eta etorkinen patu beltzaren inguruko azpimarrek dezenteko kaltea egingo diote azken emaitzari. Mundu handiegia eta konplikatuegia da film bakar batean gorde nahi izateko.
Turistaren mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu