Lau horma eta belo beltza. / Zer egin, Jauna, belo beltz honekin? / Nola onar dezaket halako mesederik? / Ez nago dolutan, hura jantzi eta munduari / erakusteko ene nahigabea. / Ezta gaixo ere, ene lotsa ezkutatzeko / haren tolestura ilunetan. / Zigilu ilunbera hori, ene bekokian jarri? / Ez banaiz lotsagabeegi, Jauna, / eta bizitza ziurtatzen badidazu, esango dizut, umilki: / hor datza, zure gela perfumatuan, gorpu kirastuna. / Errukia erregutzen du. Estal ezazu hil-jantzirik gabeko gorpu hori. / Ez ni. Nonahi dabil haren kiratsa. Isolamendua du aldarri.
Entzun bihotza urratzen duten garrasiak, / beloaren atzean biluzik daudenenak. / Ondo ezagutuko dituzu, neskameak: / herrialde garaituetako emakume bahituak, / gauez Halal bidez hilaraziak, egunsentiz erbesteratuak. / Zure hazi sakratua garraio duten neska esklabuak, / estatus erdiko seme-alabez erditu direnak... / Ez al da haientzat aski ohore? / Norbere txanda baliotsuari itxaroten dioten emazteak, / ezkon-oheari omenaldi egite aldera. / Zorigaiztoko neska-ume uzkurren odolak / gorriz tindatuko du zure bizar grisa.
Bizitzak ez du malko gehiago isurtzerik; denak isuri zituen / gela lurrintsu horretan, non mendez mende / sakrifiziozko drama hau antzeztu izan den, behin eta berriz. / Arren, Jauna, jaits ezazu. / Oihal hori. Orain. Oihala behar baituzu gorpua estaltzeko. / Eta ni ez nago mundu honetan / zure desiraren zigilu izateko soilik. Lau horma hauek eta belo beltz honek / bedeinka ditzatela arrasto ustelak. / Ene haize-oihalak zabaldu ditut / haize zabaletan, itsaso zabaletan. / Eta nire aldameneko gizona da / ene konfiantza irabazi duen kidea.
Poema
Txador aur Txardibari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu