Donostiako 66. Zinemaldia

Txakurren arteko lehia

Enrique Urbizuk 'Gigantes' telesaila aurkeztu du Donostiako Zinemaldian.

'Gigantes' filmeko lan taldea, aurkezpenaren ondoren. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
mikel lizarralde
2018ko irailaren 28a
12:25
Entzun

Enrique Urbizu zuzendaria eta Jose Coronado aktorea 2011. urtean izan ziren Donostiako Zinemaldian, orduko hartan No habrá paz para los malvados thriller beltzarekin. Zazpi urteren ondoren, bikotea berriro ere itzuli da Donostiara. Gaur goizean, ordea, telebistarako egindako telesail baten lehen bi atalak aurkeztu dituzte Kursaaleko auditoriumean: Gigantes. Sailaren lehenengo denboraldiak sei atal ditu, eta beste hainbat emanalditan ikusi ahal izan dira zinemaldian.

Guerrero familiak narkotrafikoa kontrolatzen du, eta Abraham aitak (Jose Coronado) inolako beldurrik edo mirarik gabe eramaten du negozioa. Hiru seme ditu, eta etorkizunean "txakurrak bezala" borroka daitezen nahi du. "Beren semeak irensten dituen Saturno bat da", adierazi du emanaldiaren ostean egindako agerraldian Isak Ferriz aktoreak. Bera Daniel da, semeetan zaharrena, espetxean hamarkada bat egin ostean negozioaren bere partearen bila aterako dena. "Aita pozten da semeak esnatu eta gosez diren txakur bilakatzen direnean".

Orain dela urte batzuk abiatu zuten proiektua Urbizuk berak eta Manuel Gancedok. Movistar katearekin adostu zuten telesaila egitea, baina "bidea ezagututa ere", filmaketak berak norabide askotan eraman dituela aitortu du zuzendariak. "Serial baten antza du, eta erabateko mugimenduan dago telesaila. Horrek bertigo sentsazioa eman digu, ez baitakigu nora goazen".

Coronadorekin eta Ferrizekin batera, Daniel Grao, Carlos Librado, Elisabet Gelabert, Yolanda Torosio eta Sofia Oria dira telesaileko protagonista nagusiak.

Sail Ofizialeko lehiaketari dagokionez, aurtengo azkeneko filma aurkezten da gaur Kursaalean: Tura Novotnyren Blind Spot (Norvegia). Bihar iluntzean jakinaraziko du Alexander Payne buru duen epaimahaiak aurtengo palmaresa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.