Manuel Martin Cuenca zinemagile espainiarrak (La flaqueza del bolchevique) Canibal aurkeztu du gaur Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialean eta lehiaketan. Fillmak Carlos du protagonista, Granadan (Espainia) bizi den jostun arrakastatsu bat. Carlos, baina, jostuna izateaz gain, hiltzailea ere bada. Emakumeak hiltzen ditu, eta, haien gorpuak zatitu ondoren, erreta jaten ditu. Une batean, ordea, Nina azalduko da bere bizitzan, eta zerbait aldatuko da Carlosen barrenean. Cuencak dramatismorik gabe kontatzen du istorioa, enfasirik gabe, eta erritmo pausatuarekin.
Goizeko bederatzietan ematen dute filma Kursaaleko auditoriumean, eta ikusleek txaloz hartu dute. Gero, proiekzioaren ondorengo agerraldian, Martin Cuencak eta Antonio de la Torrek adierazi dute protagonistaren rola definitzeko orduan historia bat eman ziotela, ibilbide bat. Nahiz eta gero, filmean, hori ez den azaltzen. Izan ere, hilketen arrazoien berri ez du ematen filmak. "Ez genuen psikologismoan erori nahi", azaldu du Cuencak.
Zinemagile espainiarra 2005ean ere lehiatu zen Zinemaldian, orduan Malas temporadas filmarekin.
Canibal-ekin batera, Goetz Spielmann austriarraren Oktober November aurkeztuko dute gaur Sail Ofizialean.