Txapelketaren azokan, ezohiko umorea gehien erositakoen artean

Lekuek irabazi du bigarren finalaurrekoa, eta Paiaren umoreak plaza, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Etxahun Lekue izan zen erregularrena saioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Durango
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Algaraka eta txaloka bertsolariei umorea erosi zieten entzuleek entzungaien Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan, Durangoko Landakoko 800 bat bertsozaleko plazan. Fredi Paiaren umorea izan zen eserlekutik goraka gehienetan jarri zituena. Alde laburrez, hirugarrena izan zen plazaren irabazlea.

Gorka Ostolazarekin senar-emazteak izan ziren, Leire Bilbaok aurkeztutako gaian: «Gorka, andrea; Fredi, gizona. Gorka, etxean zaudela Fredi agertu zaizu, bankutik datorrela esanez diruz betetako poltsa bat eskuan». «Monja eskolek ze kalte / nik sinistu ezin» hasi zuen ariketako azken bertsoa, ordura arte amore emateko eskatuz zebilen Ostolaza emazteari erantzunez, eta txapelketako testuingurua baliatu zuen azken puntuetan aurreko saioetan oin gisa erabili zen «pitxin» ezohikoa ekarriz: «Bai, ondo entzun duzu / agur, agur, pitxin: / ni banoa Kubara / maitalearekin».

Aurrez ere baliatu zuen txapelketaren testuingurua umorerako zuzen eta erregular, baina lehen hirurak baino apur bat beheragotik kantatu zuen Jone Uriak. Arkaitz Estiballesen aurreko asteko bakarkakoa ekarri zuen gaira gaiaren iluntasuna arintzeko. «Sofara lotan joango gara / gainean jarrita manta / bertsolarien aitak ere, antza / hala ibiltzen dira-ta», bota zuen Arrate Illarorekin zortziko handian etxegabetuko zituztela-eta amaren etxera joango zirelako.

Seriorako joera duten bakarkako ariketetan aurtengo bateko eta besteko txapelketetan, umoretik hartutakoak daude emaitzarik onenak eman dituztenen artean. Ironiaz, umoretik hartu zuen ofizioetan gaiak parera etorri ez eta, zortziko eta hamarreko txikian nekez ibili Igor Elortzak. «Dei bat jaso duzu. Eskegi duzunetik ezin duzu aurpegitik irribarrea kendu», zabaldu zieten bidea kartzelan bakarkakorako. Kultur sailburutza eskaini zion Iñigo Urkullurena zen deia Elortzaren hautuan. Weezer musika taldearen kantu batean oinarritutako doinu berrian, «Gaurko deia ez da izan / zakurraren putza. / Barreka nire etxean / harantza, honuntza / norantz behar ete dot / oin balantza bultza? / Irriparre haundi bat / dator ahoruntza», egin zuen lehen bertsoaren betelana.

Plazako jarreraz, erraz eta bizi, jardun zuen Paiak ere umorez hartu zuen kartzelako bakarkakoa. Lehengusu andaluziarraren deia zen Paiak jasotakoa. «Hola esanez: 'zezen aurrera / atera zaitez plazara / atera zure kapotea ta / ezer ez da izango traba / marea itzazu guztiak eta / ezpataz azken zartada'. / Ba arrazoi du bertsolariak / euskal toreroak gara», erreferentzia kulturalak ekarriz sortu zituen algarak eta txaloak bigarrenaren bukaerarekin. Hari beretik borobildu zuen azkenengoan bertsoari Zirigotaren antzekotasuna topatu eta gero: «Hola esan diot: eskarrik asko / ta ez jausi komerian / txapel hori eskegiko dut / Apirileko Ferian».

Barruranzko erreakzioak

Umoreak azaleratu zituen erreakzioen aldean, barnerakoiagoak izan ziren Etxahun Lekue saioko irabazleak sortutako erreakzioak. Goitik, zuzenen eta erregularren aritu zen, eta umorera bideratutako ofizioetan barik, serio eta sakonetan nabarmendu zen.

Umoretik gehien eman ez zuten, umorerako izan ohi diren zortziko txikikoen ostean, Ostolaza eta Paiak umoretik hartu zuten ofizio berean, seriorako eta sakonerako egokitu zitzaien Lekue eta Illarori hamarreko txikiko gaia.

Aitona zen Lekue eta iloba Illaro. Paseoan ari zirela, etxeko bateko horman bala zuloak ikusita galdezka hasi zen iloba. «Zer dan galdetu dozu / iloba maitea; / kasik hobeto dozu / bapez jakitea», bukatu zuen aurrenekoa Lekuek. «Aitite kontaidazu / erraz balitz gisan / hori esanda ona / ezin baita izan», tematu zen Illaro iloba. «Aspaldi baten gerran / ibili gintzezan / ta hilerriko horma / balazoz bete zan / euskaldunok horrela / tratau ginduezan», azaldu zion bigarrenean, azkenean. Zergatik estali ez diren galdetu zion Illarok ilobak azken bertsoan, eta honela azaldu zion Lekue aitonak: «Akaso, hoba dogu / berau ez tapatu / holan baino ezingo / dozu gogoratu / ta barriro ez daitela / sekula gertatu».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.berriketan.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.