ARGIA SARIAK

Txillardegiren izena darama Merezimenduzko Argia sariak

Prentsako saria Karlos Zurutuza kazetariak irabazi du, irratikoa Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubonek gidatzen duten 'Gure bazterrak' saioak, telebistakoa Kanaldude telebistak, Internetekoa 'EITB nahieran' webguneak, eta publizitatekoa 'Klikmetroak' kanpainak.

2012ko urtarrilaren 27a
20:45
Entzun

Gaur arratsaldean banatu dituzte 2012ko Argia Sariak, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega Jauregian. Merezimenduzko Saria Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri eman diote, bere ibilbideagatik. Urtarrilaren 14an hil zen Txillardegi. Haren seme-alabek hartu dute saria eta esan dute aitak “gustura asko” jasoko zuela merezimendu hori. Xabier Letona Argia aldizkariko zuzendariak adierazi du hil aurretik erabakita zegoela saria Txillardegiri ematea.

Prentsa idatziko saria Karlos Zurutuza kazetariarentzat izan da.

Irratiko saria Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubonek gidatutako Gure bazterrak saioak jaso du. Euskal irrati libreek egiten duten lana azpimarratu du Etxezaharretak saria jasotzean. Aitortu du herritarren sustapenak bultzatu dituela lanean jarraitzera, eta herriak hizkuntzarekiko erakutsitako maitasuna dela etorkizuneko itxaropena.

Telebistako saria Kanaldude Ipar Euskal Herriko telebistari eman diote. Ximun Carrerek euren proiektuan herritarren parte hartzeak duen garrantzia nabarmendu du. Iparraldeko etxeetan euskara sartzearen garrantzia ere azpimarratu du.

Interneteko saria EITB nahieran webgunearentzat izan da. Elkarlana “ezinbestekoa” dela azpimarratu du Iñaki Gurrutxaga atariko arduradunak, jendearen eskuetara edukiak ahalik eta hobekien iristeko. Gaineratu du bidea hasi besterik ez dutela egin; "erronkak ditugu oraindik edukia eta euskal kulturarekin lotuta”.

Publizitate saria klikmetroak.com kanpainarentzat izan da; Ikasberri Azpeitiko ikastolak iaz antolatutako Kilometroak jaialdiaren kanpainarentzat, alegia. Aitor Unanue ikastolako lehendakariak hitz itxaropentsuak izan ditu aurtengo Kilometroak jaia antolatuko duen Andoaingo Aita Larramendi ikastolarentzat, eta “ekimenak on egin diezaiola". 

Sari banaketarekin hasi aurretik, Letona euskal prentsak bizi duen egoera eta instituzioak izan ditu hizpide. Haren esanetan, “altzariek eta gurpilek adinako begirunea merezi dute euskarazko hedabideek”, baina “hutsalak” izaten jarraitzen dute. Hedabide euskaldunak "larri" daudela adierazi du, eta elkarlanen jarduteko "beharraz" ohartarazi ditu instituzioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.