Artea

Txillida abiapuntu hartuta ehun artista bildu ditu Guggenheimek

Eduardo Txillida eta Martin Heidegger filosofoak 1969an elkarlanean kaleratutako artista liburua du oinarri erakusketak. Bertan agertzen diren kontzeptuek ardazten dute erakusketa, eta, besteak beste, Oteiza, Gabo, Nauman, Ortega, Mendizabal eta Pregoren lanak bildu dituzte

Guggenheim museoko erakusketan ikusi daitekeen piezetariko bat. IñIGO ASTIZ
Inigo Astiz
2017ko abenduaren 4a
14:30
Entzun

Eduardo Txillida artista da hazia kasu honetan. 1969an argitaratu zuen Martin Heidegger filosofoarekin batera Artea eta espazioa artista-liburua, eta lan horixe hartu du abiapuntu modura orain Bilboko Guggenheim museoak liburu haren izen bera duen erakusketa osatzeko. Liburu horretan ageri diren espazioari eta arteari buruzko kontzeptu eta ideiak dira ardatz nagusia, eta Txillidaren grabatu sorta batek eta eskultura serie batek hasten dute ibilbidea horregatik, baina hirugarren solairu osora zabaltzen da gero erakusketa. Txillidaren eta Heideggerren ideien bueltan dabiltzan 100 artista baino gehiagoren lanak bildu ditu Manuel Zirauki komisarioak.

Margolanak, instalazioak, bideoak eta eskulturak biltzen ditu erakusketak, baina ezinbestean espazioarena da ibilbide guztia zeharkatzen duen ideia nagusia. Zirauki: “Ez da eskultura erakusketa bat, baina nolabait ere saiatzen da guztiari begirada eskultoriko bat eskaintzen, ezerk eskultura izateari ihes egin ezingo balio bezala”. Eta artista talde garrantzitsua bildu du museoak ikuspegi hori osatzeko. Jorge Oteiza, Naum Gabo, Bruce Nauman, Sue Fuller, Eva Hesse, Lucio Fontana, Zarina Hashmi, Pablo Palazuelo, Walterio Caldas, Alyson Shotz, Asier Mendizabal, Sergio Prego, Damian Ortega, Cristina Iglesias, Richard Long...

Umore tantak

Zortzi gune nagusitan banatu dute erakusketa, eta kontzeptu batzuen inguruan antolatu du areto bakoitza komisarioak. Ez da gaikako antolaketa, ordea, eta ezta kronologikoa ere. “Elkarrizketan jarri nahi izan ditugu eskultura batzuk eta besteak”, zehaztu du Ziraukik. Umore tanta batzuk ere badaudela gaineratu du. “Oso paper garrantzitsua du umoreak; ez da erakusketa irnokoa edo komikoa, bana ez dauka diskurtso filosofikoek eduki ohi duten hotsandia ere”. Komisarioak azaldu du pieza bakoitzaren izaera nabarmenduko duen antolaketa sortzea izan dela erronka. Betiere, espazioari buruzko gogoeta orokorrago horiek abiapuntu hartuta.

Eraikinarekin hartu-emanean

Frank Gehry arkitektuak diseinatutako eraikina ere omendu nahi du erakusketak, eta espazio horrekin hartu-eman argian daude horregatik erakusketako zenbait pieza. Hori da, esaterako, eraikinaren leihoetara egokitutako Sergio Prego artistaren lanen kasua, eta hori da Macius Galan artistak sortutako piezaren kasua ere.

Ernesto Neto artista brasildarrak orain hilabete batzuk museoari emandako pieza ere lehenengoz erakusten du erakusketak, eta katalogoa ere osatu dute propioa erakusketarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.