Ateak ireki zitueneko hamargarren urteurrena joan den irailean ospatu zuen Txillida Leku museoak. Ordurako bere egoera ekonomikoa zaila zela esana zuen Luis Txillida museoko zuzendariak. Bisitari kopurua jaitsiz joan da urtetik urtera, eta krisiarekin, are zailago egiten ari zaie senideei Eduardo Txillida eskultorearen proiektu kutunari eustea. Hernaniko museoko arduradunek bilera egin zutela eta hartuko duten erabakia aurki jakinaraziko dutela adierazi zuen atzo Luis Txillidak. «Egoera eta hartu beharreko erabakiak aztertzen ari gara. Lanean ari gara, baina egoera zaila da», azaldu zion Efe agentziari.
Instituzioekin hainbat hilabete daramate hizketan museoko arduradunek, baina oraingoz ez da akordiorik lortu. Azken egunotan zenbait hedabidek kaleratutako berrien arabera, erakundeekin akordioa lortu ezean, museoa aldi baterako ixtea aztertzen ari dira kudeatzaileak. Mahai gainean hainbat aukera daude, baina museoa urteko garai jakin batzuetan baino ez irekitzea litzateke pisu gehien duena, informazio horien arabera. Txillida zenaren senideek kudeatzen dute museoa, eta, pribatua izanik, akordioa lortu nahi dute erakundeekin, egunero goiz eta arratsalde ateak irekitzeak dituen kostuei aurre egiteko.
«Albiste oso kezkagarria»
Txillida Leku behin-behinean ixteko aukera «albiste oso kezkagarria eta, maila batean, espero zitekeena» dela adierazi du Odon Elorza Donostiako alkateak, ohar baten bidez. Instituzioen aldetik «nahikoak ez diren laguntzengatik» eta krisiagatik, aldi baterako ixtea «ondorio logikoa» dela dio Elorzak. Txillida Leku eta Donostiako Zinemaldia kultur egitasmoak «aurrekontu eskasekin» mantentzen direla kontuan hartuta, proiektu berrietan inbertsio handiak proposatzea zuzena ote den zalantza agertu du alkateak.
Hala, instituzio guztiek «premiaz» lan mahai bat eratzea proposatu die Elorzak, «kudeaketa eredua aldatzea oinarri hartuta», Txillida sendiaren Fundazioari aterabide bat bilatzeko konpromisoa bilatzeko.
Txillida Leku aldi baterako ixtea aztertzen ari dira
Museoari aterabide bat bilatzeko, erakundeen arteko lan mahai bat «premiaz» osatzeko eskatu du Odon Elorzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu