Txillida Leku zabaltzeko akordioa eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Txillida familiarekin elkarrizketak «gerturatze prozesuan» daudela adierazi du Maria Jesus Aranburuk

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Eduardo Txillida Fundazioarekin Txillida Leku museoa berriro zabaltzeko aukera emango lukeen akordioa bilatzeko eskatu die Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, PP, PSE-EE, EAJ, EB, UPyD eta EAren aldeko botoa jaso duen zuzenketa baten bidez.

Aralar izan da zuzenketa horri ezezkoa eman dion talde bakarra. Aralarren izenean, Mikel Basabek argudiatu du erakundeek diru publikoa jartzen baldin badute Txillida Lekuren kudeaketan parte hartu behar dutela, eta ondarearen jabegoan parte izan, baina zuzenketak ez duela espresuki eskari hori egiten. Beste taldeetako bozeramaileek, aldiz, adierazi dute eskari hori jasoa dagoela zuzenketan.

Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi du «gerturatze prozesuan» daudela erakundeen eta Txillida familiaren arteko elkarrizketak, eta aurki akordio batera iristeko «esperantza» dutela. Ez du zehaztasun gehiagorik eman, «diskrezioz» jokatu behar dutela argudiatuz, baina esan du proiektua, pribatua izan edo publikoa izan, ez dela «negozioa» izango. Eduardo Txillida eskultoreak eta haren alargun Pilar Beltzuntzek hori aldez aurretik zekitela erantsi du.

Tabakalera ondoko eraikinaz

Adif enpresak Tabakaleraren ondoan eraiki nahi duen geltoki intermodalak eragin duen kezka ere mintzagai izan zuen atzo Aranburuk. Eraikin handia izango da, Adifen asmoen arabera, eta Tabakalera «estali» egingo du neurri handi batean, Tabakalerak bere ekimenetarako erabiltzeko asmoa zuen espazioa hartuz. Tabakalerako arduradunak eta arkitektoak Adifekoekin bilerak egiten ari dira, arazoari irtenbidea bilatzeko asmoz.

Tabakalerako egitasmoa izan duen «beheralditik» irteten ari dela adierazi du Aranburuk, «are indar handiagoz», eta ahalik eta lasterren izendatu nahi dutela zuzendari berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.