Txillida Lekuri irtenbide bat bilatzen jarraitzeko prest agertu dira erakundeak

Defizita «jasangaitza» dela eta, urtarrilaren 1ean ateak itxi eta lan erregulazio espediente bat tramitatzea erabaki du museoak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Baieztatu da. Txillida Leku museoak ateak itxiko ditu datorren urtarrilaren lehenetik aurrera. Krisi ekonomikoaren eraginez, Hernaniko museoaren defizit egoera «jasangaitza» delako hartu dute erabakia, Luis Txillida museoko komunikazio arduradunak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Zentroko langileen behin-behineko erregulazio espedientea tramitatzen hasi direla ere baieztatu du. Erakunde publikoekin akordio batera iristeko prest jarraitzen dutela azaldu du, baina akordio horrek «ezinbestekotzat» jotzen dituzten hainbat baldintza errespetatu behar dituela, «Eduardo Txillidak eta Pilar Belzunzek, sortzaileek, definitu zituztenak». Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak irtenbide bat lortzeko lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute, eta negoziazioen diskrezioaren alde egin dute biek.

Eduardo Txillidaren eskulturarik esanguratsuenak biltzeko sortu zuen Txillida-Belzunze familiak museoa. Eskultorearen proiektu kutunena zen, eta hura hil baino bi urte lehenago, 2000. urtean zabaldu zituen ateak. Instituzioen hainbat diru laguntza jaso ditu ordutik, baina kudeaketa pribatua izan du hasieratik. Hamargarren urteurrenaren harira irailean eman zuen Luis Txillidak egoera ekonomiko zailaren berri. BERRIAri azaldu zionez, aspalditik ari ziren erakundeekin hizketan, aterabide bat bilatzeko. Museoa horrela kudeatzea zaila zela, baina «aitak zuen ideiari eutsi» nahi ziotela esan zuen. «Guk orain museoari musu truk eusten diogu, baina irits liteke une bat ezingo duguna; hau negozio bat balitz, aspaldian ginateke bankarrotan, urtero galtzen baitugu dirua».

Une hori iritsi dela dirudi. Txillidak azaldu du «defizit egoerak» eragin duela erabakia, eta, erabaki horrekin, museoan egun lanean ari diren 23 lagunei eragingo dien erregulazio espedientea tramitatuko dute eta ateak itxiko. Krisi ekonomiko orokorrak egoera asko «larriagotu» duela dio, «zifra defizitarioak ekimen pribatu baten ikuspegitik jasanezina den mailara igoz».

Zehaztu du publikoari ateak itxita izango dituen arren «jarduera paralelo guztiak» aurrera eramaten jarraituko dutela, «hala ondare artistikoa kontserbatzen nola nazioko eta nazioarteko erakusketak egiten». 2000tik museoak 810.000 bisita jaso dituela gogorarazi du. Horrek eta aldiro eginiko balorazio inkestek Euskal Herriko lehen lau museoetan kokatu dutela azaldu du, eta Gipuzkoan bisitari gehien dituena dela.

«Ezinbesteko baldintzak»

Erakunde publikoekin akordio bat egiteko aukera ez dutela baztertzen adierazi dute museoko arduradunek. Baina museoak aurrera egin behar badu, bere sortzaileek definitutako eta «ezinbestekotzat» jotzen dituzten baldintzak errespetatzea beharrezkotzat dute. Baldintza horiek zeintzuk diren ez dute zehaztu, eta erakundeetatik ere ez dute horien berri eman.

Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia aspalditik ari dira Txillida familiarekin egoeraren inguruan hitz egiten. Urtebetetik gora darama Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak txillidatarrekin hizketan, atzo ohar batean baieztatu zuenez. Egoera ekonomikoagatik museoak halako neurriak hartu behar izana sentitzen duela dio Jaurlaritzak, eta krisialdiak ezin duela aitzakia bat izan arazo «larri» horri aurre ez egiteko. «Txillida Leku Gipuzkoako eta Euskadiko ondare eta kultur erreferentziarik garrantzitsuenetako bat da, eta gobernu honek bere esku dagoena egiteko konpromisoa hartu du, martxan jarrai dezan».

Antonio Rivera Kultura sailburuordeak BERRIAri azaldu dionez, museoaren kudeaketa eta jabetza aztertzen dituen txosten bat prestatu du bere sailak, Txillida familiarekin adostasunean. Txostena dagoeneko amaituta dagoela eta familiari aurkeztu diotela jakinarazi du Riverak, «arazoak detektatzeko eta egon litezkeen irtenbideak proposatzeko». Horrela, negoziazio prozesu bat hasi dutela zehazten du Jaurlaritzaren oharrak, bi kontu aintzat hartuta beti ere: «Txillida Lekurentzat kudeaketa eredu iraunkor bat zehaztea, eta ondarearen jabetza partekatzeko aukerak aztertzea».

Txillida Leku fundazio pribatu bat izanik, laguntza deialdien bidez jaso izan du orain arte Jaurlaritzatik dirua -aurten, 100.000 euro inguru-. Baina horiek urtea amaitzeko «adabakiak» izan direla eta irtenbide sendoago bat bilatu beharra dagoela uste du sailburuordeak. Balizko akordioak zertan oinarritu behar duen ez du aurreratu nahi izan Riverak. Jaurlaritzaren iritziz, «elkarrenganako konfiantza eta diskrezioa ezinbestekoak» baitira halako negoziazioek fruituak eman ditzaten.

Diskrezioaren beharra nabarmendu zuen Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuak ere, atzo, Foru Aldundiaren agerraldi batean erabakiaren inguruan galdetu ziotenean. Itxieraren berri hedabideen bidez izan duela, baina egoera ez dela berria esan zuen. Txillida Lekuren eta gordetzen duen obraren garrantzia nabarmendu zuen Aranburuk, eta ez duela museoa behin betirako ixtea espero aitortu zuen. Egoerari aterabide bat bilatzeko txillidatarrekin eta Jaurlaritzarekin harremanetan jarraituko dutela adierazi zuen diputatuak. Aurten, 40.000 euroko laguntza eman dio Foru Aldundiak museoari, aurreko bi urteetan baino 10.000 euro gutxiago.

PP eta H1! irtenbide eske

Museoak itxiera iragarri baino lehen adierazi zuen Odon Elorzak albistea «oso kezkagarria» litzatekeela. Irtenbidea bilatzeko «premiaz» erakundeen arteko mahai bat sortzea proposatu zuen, eta eskaera berretsi zuen atzo, itxieraren berri izan ostean. Krisiaren eta «nahikoak ez diren instituzioen laguntzen» ondoriotzat jo zuen erabakia, eta Donostiako Udalak urteetan 77.000 euro eman dituela gogorarazi zuen alkateak.

Txillida Lekuren egoera «dramatikoa» salatu du PPk, eta erakundeei «premiazko irtenbide bat bilatzeko inplikatzeko» eskatu die. Hamaikabatek ere museoaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatuko duen akordioa negoziatzea galdegin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.