Kontraesan bat dirudi, baina ez da. Jendearentzat jarri ditu bere lanak ikusgai Carmen Salgado artistak, baina bakardadeaz mintzo da. Estudioan ematen duen denboraz eta sorkuntzak berezkoa duen bakardade dosi horretaz. «Oso-oso zurea da denbora hori. Oso denbora intimoa da lan prozesukoa», dio, «eta denbora hori da interesatzen zaidana. Prozesua bera. Lanak sortzen hastean agertzen diren arazotxo horiei aurre egin behar hori». Horregatik, denbora hori hartu du Uharteko Buldain fundazioan (Nafarroa) jarritako 25 piezen gaitzat. Ezkutuko garaia du izena bildumak, eta aretorako sortu du espresuki. Ekainaren 30era arte izango da bertan.
Perukoa da sortzez Salgado, baina urteak daramatza Nafarroan bizitzen, eta erakusketa bat baino gehiago ere egin du bertan.Iruñeko Ziudadelan, esaterako. Lehenengoz jarri ditu, ordea, bere lanak Buldain museoan. «Orain arte Patxi Buldainen lanak ikustera etorri izan naiz beti, baina bertan erakusketa bat egiteko proposamena egin zidatenetik beste modu batera begiratu dut eraikina. Ikusgarria da. Hortik sortu zitzaidan erakusketan etxearen ideia lantzeko asmoa». Eta, hain zuzen ere, lehen aipatutako sorkuntzaren denborarekin batera, hori da erakusketaren beste ardatza: etxea.
Tximeleta hautatu du metaforatzat, horregatik. Etxea eta gorputza bat direlako animalia horren kasuan. Bat direlako etxea eta eraldaketa beharra. Gorputzez ari da Salgado: «Nork bere gorputza etxe bilakatzen du, oroitzapenak, pentsamenduak, emozioak, sentsazioak gordetzeko espazio bihurtuz; bere gorputzarekin, bere bizitzarekin habia-etxea eraikitzen duen tximeleta bezala. Kanpoko aldetik deskonektatua, hauskorra baina oldarkorra, hegan egiteko bultzada ematen dion eraldaketa bat bizi du».
Salgadok dioenez, eraldaketa gaitasun horrek ematen die sendotasuna tximeletei. Eta antzera gertatzen da artistekin ere. «Gure baitan biltzeko baliatzen ditugun denbora tarte horietan eraldaketa bat ematen da gugan. Bere bizitzan DNA aldatzeko gai den animalia bakarra da tximeleta, adituek diotenez».
Giza figura dago lanik gehienen oinarrian, baina hainbat teknika erabiltzen ditu Salgadok gai hori lantzeko. Collageak dira nagusi, baina badira kolore biziko bi koadro, bai eta eskultura izateko mugan diren hainbat lan ere. Areto osoa hartzen dute Salgadoren piezek, eta ziklo moduko bat ere hasten dute museoan, Nuria Buldain museoko arduradunak azaldu duenez. «Orain arte beti erakusketa kolektiboak egin ditugu. Baina orain, Salgadorenaz gainera, beste bi artistaren lanak ere erakutsiko ditugu hemendik udazkenera bitartean».
Museoko bigarren solairuan Patxi Buldain artistaren lanak jarri dituzte ikusgai. Haren ibilbidearen atzera begirako bat antolatu dute. Ikuspegi globala eskaini nahi izan dute, Nuria Buldainek azaldu duenez. Artistak Parisen eman zituen urteetan egindako lanekin hasi, eta 2005era artekoak erakusten ditu. Sasoiz sasoi egindako saio guztiak, kasik: 60ko hamarkadan Uhartera heldu zenean egin zituen lan surrealistak, 80ko hamarkadako figurazio lanak, 2000. urtetik aurrera sortu dituen xiringa bidezko koadroak...Urrira arte ikusi ahalko da bilduma.
Tximeletaren sendotasuna
Carmen Salgado artistaren lanak biltzen dituen erakusketa jarri dute ikusgai Uharteko Buldain fundazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu