Borroka luzea izan da, eta 229. greba egunean lortu dute. Ubik liburutegian lan egiten duten bitartekariek akordioa lortu dute Tabakaleran zerbitzua emateko azpikontratatuta dituen enpresarekin. Langileen esanetan, "baldintza duinak" bermatuko dizkien hitzarmen bat adostea lortu dute. "Bide gogorra izan da, baina argi geratu da antolatu eta borrokatzea merezi duela", adierazi dute. Langileek eskerrak eman dizkiete lan baldintzak hobetzeko borrokan lagundu dieten guztiei.
Tabakalerak ohar bidez azaldu duenez, langileen eta Sedena enpresaren arteko akordioak jasotzen du soldatak %32,3 handitzea, egungo lan jardunaldia murriztea eta lan txandei lotutako zenbait hobekuntza; bereziki, asteburuei dagozkienak.
Sedenaren eta langileen arteko akordioak eragina izango du Tabakaleraren zerbitzu esleipenean. Jakinarazi duenez, Tabakalerak lizitazio berri bat aterako du Ubik liburutegiko arreta zerbitzuak kontratatzeko; abuztuan egingo dute. Tabakaleraren esanetan, lizitazio berri horrek "ahalbidetu" egingo ditu Sedena enpresaren eta langileen artean adostutako hobekuntzak.
Akordioaren ondorioz, bihartik aurrera Tabakalerako sormen liburutegiak ateak irekiko ditu berriro. Tabakalerak "poza" agertu du zerbitzua berriz martxan izango delako.
Akordiora iristeko, Ubikeko bitartekariek zazpi hilabeteko greba egin dute. Grebaldiak bost hilabete egin zituenean, BERRIAk erreportaje bat argitaratu zuen haien egoerari buruz; orduan aitortu zuten greba "luze" zihoala, baina "indartsu" zeudela, eta behar beste eusteko prest zeudela. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen zieten Sedena enpresari eta hari zerbitzua esleitua zion Tabakalerako administrazio kontseilua osatzen duten erakunde publikoei.