Uda giroko bero zapal itogarriak eman zigun ongietorria ostiralean Gasteizen, eta Mendizabalako hiru agertokiek hartu zituzten proposamenek sua hauspotu zuten etengabe, akordeak joan akordeak etorri. Taldeek aurreikuspenak ase zituzten, oro har; batzuen kasuan, Ozzyrenean berbarako, aurreikuspen horiek ez ziren oso baikorrak, nolanahi ere.
Gun taldea azken balak jaurtitzen ari zen, eremura heldu ginenean. Eskoziarren hard rocka oso entzunerraza da, baina kontzertu kamuts samarra eman zuten, gorabeherarik gabekoa. Ez ziren Gasteiztik joandakoan pistola zorroan jarraitzaile berriak eramateko gauza izan, seguru asko.
Hurrena Rich Robinsonen txanda izan zen. Ez, Black Crowes ez dira, duela hiru urte emanaldi gogoangarria egin eta gero, Gasteizko jaialdira itzuli. AEBetako taldeko gitarra-jotzailea bere taldearen buru zela heldu zen Arabako hiriburura, anaia gabe, eta, sei hariak laztantzen maisutasuna erakutsi bazuen ere, kontzertu aspergarria izan zen.
Gitarrista bat utzi eta beste batengana jo genuen, nagiak atera guran. Zakk Wyldek rockaren topiko guztiak batu zituen bere emanaldian, eta Black Label Societyk argi eta garbi erakutsi zuen, lehen minututik, zertara etorri zen. Rock-and-roll astunaren jaia prest zen, eta publikoak gogotsu jarraitu zion gidari ilehoriari. Giderrean gora eta behera ibili zen, atsedenik gabe, eta abiada bizian zihoan kontzertua. Hala ere, bospasei kantu jo eta gero, hamar minutuko soloa egitea erabaki zuen guitar hero-ak eta, berantetsita, irudi espiralduneko bere gitarra ikonikoa astintzen utzi eta beste agertokibatera abiatu ginen, besteak beste, Bilbo aldeko gitarrista famatu batek Ozzyren gitarrista ohiari adi-adi begiratzen zion bitartean.
Zorionez, azkenaldian ez zait muturrekorik hartzerik egokitu, merezi zein ez. Dena dela, Gallowsen kontzertu bat ikustea eta muturrean ukabilkada bat jasotzea ez dira oso ezberdinak: seguru nago. Gorrotoa, energia eta indarra dira ingelesen eskaintzaren ardatzak, eta oso-oso onak dira hori ematen, parean jartzen zaiena zapaltzen, Grey Britain disko paregabean erakutsi zuten bezala. Frank Carter kantariak taldea utzi du aurten (Bilbao Liven arituko da aurten, Pure Love bere proiektu berriarekin), baina Wade MacNeil Alexisonfire kanadarren kantari ohiak ez du bere lana txarto egiten, Carterren mailara heltzea ia ezinezkoa den jakitun, beste bide batzuetatik joz. Gustura aritu ziren: gozatuz eta gozaraziz.
Ausartena, The Mars Volta
Ozzy Osbournek kontzertu duina eman zuen. Dagoeneko, ezin da berarengandik gauza liluragarririk espero, baina iaz baino hobeto aritu zen, baxuan eta, batik bat, gitarran eta baterian ederto lagunduta. Kontzertuaren lehen zatian bere bakarkako ibilbideko kantuak (Bark at the Moon, Mr Crowley...) jo zituen, eta, bigarren zatian, koska batzuk igo zen kontzertuaren maila, Geezer Butler Black Sabbatheko baxu jotzailearen eta Zakk Wylde adiskide zaharraren laguntzaz. Paranoid, Iron Man eta tamaina horretako klasikoak erabili ahal izanda, oso zaila da huts egitea, eta emanaldiak maila ona hartu zuen amaiera aldean.
Jarraian, eguneko ausartenen txanda etorri zen: The Mars Volta talde psikodeliko eta progresiboa. At the Drive-Inen errautsetatik jaiotako taldeak maisutasun instrumentala erakutsi zuen, Omar Rodriguez Lopez gitarrista ezkerrak gidatuta. Cedric Bixler-Zavalak ere frontman eta kantari paregabea dela erakutsi zuen. Ohi bezala, beren buruak asetzeko jo zuten kontzertua eta, jaialdi batean egonda ere, kantu berri mordoa jo eta 20 bat minutuko inprobisazioa egin zuten. Taldea gogoko dutenentzako kontzertua izan zen, maila handikoa.
Danko Jonesek gogotsu itxi zuen eguna. The Mars Voltaren musikaren konplexutasunarekin alderatuta, digestio errazagoko show-a eskaini zuen kanadarrak, indartsu.
Uda gau bateko rocka
Ozzyk iazko itxura hobetu zuen, eta gainerako taldeek beraiengandik espero zena eman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu