Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Lehen final-laurdena

Udaberriko lehen ernamuina

Jexux Mari Irazu sailkatu da zuzenean finalaurrekoetarako, Oñatiko lehenengo final-laurden apala irabazitaAriketen egitura berriak kolore gutxiko bihurtu du lehen saioa hasieran

Iñaki Gurrutxaga eta Jexux Mari Irazu, ariketetako batean, bertsoak pentsazten, atzo Oñatin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Oñati
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Aurreko txapelketetako arantza ateratzera eta eztena sartzera igo zen oholtzara erle gisan Jexux Mari Irazu, atzo Oñatin jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreneko final-laurdeneko hasierako agurrean kantatu zuenez. Udazkenean udaberrian irudikatu eta kokatu zuen Irazuk atzoko saioa asteon izandako gertaera politikoengatik. Udaberri horretan, baina, ez zuen loratzerik lortu Irazuk, ernamuina landatuta utzi bazuen ere, finalaurrekoetan loratu ahal izateko.

Zubikoa kiroldegian bildu ziren 650 bertsozaleren aurrean, Irazurekin batera Agin Rezola, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Iñaki Zelaia eta Iñaki Gurrutxaga aritu ziren. Irazuren indarra izan zen orekatuena saioan zehar. Rezola loratzeko besteko indarrez aritu zen ariketa batzuetan, baina ahulago aritu zen beste zenbaitetan. Lizasok sei puntuko motzean ariketa osoa egin zuen, eta tarteka ale eta puntu onik ere utzi zuen. Bertsoak plazaratzeko eran nagusitu zen Urdangarin. Bertsoa saltzeko gaitasunean. Orekatua izan zen Zelaiaren lana ere, baina maila apalagoan aritu zen. Azken sailkatu zen Gurrutxagak ez zuen bere egunik onena izan, eta zangalatrauka bertsoak ekarri ezinda jardun zen askotan. Irazuk izan ezik, gainontzekoek final-laurdenetako emaitzen arabera egingo dute aurrera.

Ariketen egitura berria dute final-laurdenek txapelketan, azkenaldiko txapelketetatik bestelakoa, eta hala, sei puntuko motzean ekin zioten bertsolariek jardun puntuagarriari. Hiru bikoteek, ariketa honetarako gehienetan egin ohi duten legez, Mainontzi aukeratu zuten doinu gisa, eta saio hasierari kolorea falta izan zitzaion. Ariketa horretan Lizasok eman zuen onena Zelaiarekin batera osatu zuen ariketan. «Presoak zarete. Egunero bezala, kartzelako patioan elkartu zarete. Zuk, Beñat, patioko jendearekin hitz egiten pasatzen duzu patioko denbora osoa; Iñakik, berriz, bakarrik eta isilik», jarri zien gaia Imanol Arabaolazak. Bere lehen bertsoaren azken bi puntuetan «Hor sentitzen naiz pakean / bestela erotu egin behar det / lau hormen artean» bota ondoren, «Ni alde batean izu / eta hizketan beti zu; / buelta ematean gehienak parrez / aritzen zaizkizu», mikaztu zion ustez sentipena Zelaiak Lizasori; egoeraz jabetua zegoen, ordea, Lizaso, ez zuen ezustean harrapatu: «Denak zuri begira / sarritan egoten dira / nei bizkarrera eiten didate / zuri aurpegira».

Sei puntukoaren ondotik hiru puntuko koplatan aritu ziren bertsolariak. Irazuk eskuratu zituen puntu gehien ariketa horretan. Koplatan aritu eta gero, azkenaldian txapelketatan lehen ariketa izan ohi denean jardun ziren: zortziko handian. Ariketa horretan bi mendizaleren rola jokatu zuten Irazuk eta Urdangarinek: «Mendizaleak zarete. Oso ezberdin bizi duzue zuen zaletasuna. Zuk, Iban, inon diren mendi lasterketa guztietan hartzen duzu parte; Jexux Marik nahiago du mendira paseatzera joan». Urdangarin hasi zen eztena sartzen bere lehenengo bertsoan: «Donostin Kontxa hortxe daukazu / paseatzera joateko». Urbiatik Aizkorrira igotzea eta bertan arnasa lasai hartzea gurago zuen Irazu mendizaleak, ordea. «Zu leher eginda utzi ohi zaitu / ta ni berriz indartu», erantzun zion hurrengo bertsoko azken puntuan.

Bakarkako lanean Rezola nagusitu zen. Honako gaia egokitu zitzaion hiru bertso gura zuen doinu eta neurrian kantatzeko: «Txiki-txikitatik alboan izan duzun lagunmin batek ezpainetan musu eman dizu gaur. Berehala agur esan eta alde egin du». Lehen bertsoan bikain ekarri zituen bertsora bertsotan hasi zen unean joka hasi ziren kanpaiak.

Agin Rezola:

Asteazken bat besterik ez da
ez edozein asteazken
historia bat hasi liteke
une honetan idazten;
kanpaiak bueltan balira gisan
tripa ari baitzait nahasten
zergaitik ez gera hasten
dauzkagun barrerak hausten
holako lagun gehiago ere
pozik izango nituzken
lotsak zergatik ez digu inoiz
gerana izaten uzten.


Bikain ekindakoari, halatsu jarraitu zion, betelanarekin bertsoa dotore jantzita: «Aspaldi gisa bihurtua naiz / sentipen bitxien jaki / garrantzi asko eman al diot / askoik ez dun musu bati? / Laino gainetan / nahiz ez nuken nahi / gaztelurikan eraiki / gure harremana aitzakia / ezin hobia izaki; / musu bat eman eta korrika / juatia erabaki / zerbait sentitzen hasi naiz baino / nahi ez dulako ez daki».

Ideia berberak datozenean

Hamarreko txikiko ofizioan osatu behar izan zuten kartzelako ariketa bertso puntuagarriekin amaitzeko, eta lehen bi bikoteek gaiari era oso beretsuan heldu zioten. «Bikotea zarete. Zuen hamabost urteko alabak. Gauean atera eta etxera esandako ordurako bueltatzeko araua hautsi du», izan zuten gaia. Zelaia eta Rezola aritu ziren lehenik, eta alabari Amaia izena jarri zion Zelaiak, ondorengo bertsoaldian Gurrutxagak egingo zuen eran. Izenean ez ezik lehen iritzian ere bat etorri ziren bi bertsoaldietan: lehenean, «haserre nago baino / bazuen garaia», Zelaiak; eta bigarrenean, «egia esan bazun / hortako garaia», bigarrenean, Gurrutxagak. Bertsoaldiotako lehen bi bertsoen antzekotasunak barrezka jarri zituen entzuleak, eta Gurrutxaga eta Urdangarin barreak ulertu ezinda geratu ziren, izenean bat egin zutenean izan zen batez ere.

Ulerkor aritu ziren gurasoak hiru bertsoaldietan, baita Irazu gurasoa ere: «Normalena da ama / erritan hastea / nahizta bere garaian / izandu askea / senar onena degu / pakean uztea / errebeldea baita / alaba gaztea / ta bere araua da / arauak haustea». Urdangarinek hautsi zuen ulerkortasuna, behin ondo pentsatzen jarrita:

Iban Urdangarin:

Arauak jarri eta
nolako auzia.
Alabak gaurko hontan
egin du jauzia.
Lasai, nik jarriko det
mutur itsusia
ta kastiga dezagun
pentsatzen hasia
ezin dulako egin
nahi duen guzia.


Hurrengo final-laurdenetako saioa gaur izango da Villabonako Olaederra kiroldegian, eta bertan beste sei bertsolari ariko dira kantuan: Unai Agirre, Ander Lizarralde, Beñat eta Unai Gaztelumendi eta Iñigo Mantzisidor Mantxi .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.