Martxan dago jada Udako albuma Txillidarekin argazki lehiaketaren bigarren aldia. Aurten, batetik, bi sari banatuko dira. Bestetik, eta iazko aldian ez bezala, artistarekin zerikusia ez duen materiala onartuko da. Datorren irailaren 15era bitartean [email protected] helbide elektronikora bidali ahal izango dira argazkiak, eta irailaren 24ean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Hiru baldintza jarri dizkiete antolatzaileek parte hartzaileei: 18 urte baino gehiago izatea, pertsonako bi argazki bidaltzea gehienez, eta horien erresoluzioa hazbeteko 200 pixelekoa izatea gutxienez.
Batetik, artistaren obren espiritua ondoen ordezkatzen duen argazkia sarituko dute. Eta bestetetik, argazki originalena; horrek eskultura batean zentratu beharko du, eta gainera, istorio bat gehitu beharko zaio, idazteko modua ere kontuan hartuko baitute epaimahaiko kideek. Halere, bidalitako argazki guztiei gehitu behar zaie istorio bat.
Jasotako argazki guztiak www. museochillidaleku.com webgunean zintzilikatuko dituzte. Iaz 170 bat argazki jaso zituzten antolatzaileek. Hilaren 1ean ireki zuten aurtengo lehiaketarako epea, eta lehen egunetan hamarnaka argazki jaso dituztela jakinarazi dute.
Txillidaren heriotzaren hamargarren urteurrena dela-eta hainbat ekitaldi egiten ari dira, eta lehiaketa da horietako bat. Haren lanekin osatutako erakusketetako batzuk joan den urtarrilean ireki zituzten, eta, urtea amaitu bitartean, Munsterren (Alemania), Korean, Parisen, Londresen, Munichen eta Berlinen egongo dira ikusgai, besteak beste. Ekitaldi guztietan inportantena hilaren 19an egingo da, 100 hitz Txillida-rentzako ekitaldia ospatuko dute Txillida Lekun.
'Udako albuma Txillidarekin' argazki lehiaketak bi sari izango ditu
Bigarren aldia du, eta, iaz ez bezala, artistarekin zerikusia ez duen materiala onartuko da aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu