Literatura

“Udako kantu italiarren antzeko ipuinak” batu ditu Harkaitz Canok

Oporrekin zerikusia duten elementuak daude  'Beti oporretan' liburua osatzen duten hamalau ipuinetan: hondartza, eguzkia, bidaia...

Harkaitz Cano idazlea. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko azaroaren 27a
14:21
Entzun

 

Neguko zirkua ipuin liburua argitaratu zuenetik hamar urtera, beste narrazio liburu bat argitaratu du Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975): Beti oporretan (Susa). Luzera eta eite desberdinetako hamalau ipuin batu ditu liburuan, baina denetan ageri dira oporrarekin zerikusia duten elementuak: hondartza, eguzkia, bidaia…

“Giro mediterranearra” duten narrazioak oso maiteak ditu Canok, kostaldea, mahastiak eta argia batzen dituztenak, eta giro horretara hurbiltzen saiatu da. “Udako kantu italiarren antzeko ipuinak” idatzi nahi izan ditu libururako: “Udako kantu italiarrak ondo sartzen dira, eta italieraz ere badakizula pentsarazten dizute, baina gero hitzak irakurtzen dituzunean jabetzen zara ez dela oso zehatza hasieran zeneukan ideia”.

Duela hogei urte Beti oporretan diskoa kaleratu zuen Xabier Montoiak, eta hari baimena eskatu dio Canok bere liburuari izenburu bera emateko. Disko hartako Lurpekoen kanta-ko hitzak ezarri ditu Canok liburuaren hasieran, aipu moduan: “Zafiro, diamante, harri bitxiak, piztien larrurik garestienak... traba besterik ez digute hemen egingo honezkero. Oro zaigu pisu eta astun orain. Beti oporretan”.

Beste aipu bat ere jaso du sarrerako orrialde berean, Julian Schnabel artistak Donostiako Tabakaleran erakusketa bat egin zuenean emandako elkarrizketa batetik aterea:

"—Zergatik jarri diozu Summer izenburua erakusketari?

”—Udan lan egitea gustatzen zait, teilaturik gabe. Udan galdetzen diot nire buruari zenbat uda geratuko ote zaizkidan oraindik bizitzeko... Hogeita hamar bat, beharbada?”

   

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.