«Udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak gaiari buruz hitz egin dezatela eskatzen dugu, interes alderdikoien gainetik kulturarako babesa nagusitu dadin eta sektorea finantzatzeko gutxieneko oinarri bat berma dadin». Horra Arte Bizia arte eszenikoetako alor desberdinetako jendeak eratu berri duen plataformaren lehen eskaria. Eskenak (antzerki enpresak), EABk (aktoreak), ADDEk (dantza) eta EUPRELek (musika sustatzaileak) sortu dute Arte Bizia, arte eszenikoek zuzenean duten babes eskasa salatzeko eta kultur jarduerari arnasa emateko asmotan. Atzo aurkeztu zuten plataforma, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Krisi ekonomikoaren aurrean erakundeek duten «lehen erantzuna» kulturan murrizketak aplikatzea dela diote Arte Bizia plataformako kideek, Eskenako Ana Pimentak atzo Donostian egindako aurkezpenean adierazi zuenez: «Sortzaileak, eszenako zuzendariak, dantzariak, aktoreak, eszenografoak, teknikariak, diseinatzaileak, musikariak... zuzeneko ekoizpenen sare osoa, bai giza alderdia, bai ekonomikoa, desagertzeko zorian dago». EABko Belen Cruz eta ADDEko Arantza Balentziaga izan zituen alboan Pimentak, eta, gainera, sektoreko beste zenbait kideren babesa izan zuten, Ainara Gurrutxaga, Clara Badiola eta Iñake Irastorza aktoreak eta Oier Araolaza dantzaria bertan izan ziren, besteak beste.
Erakunde publikoak egiten ari diren murrizketa ekonomikoak «tabakoa bezalakoak» dira, plataformako kideen hitzetan: «Ez gara konturatzen pixkanaka gu hiltzen ari direla eta, egunen batean, krisi terminaleko egoera batera eramango gaituzten hipokrisia kronikoa, ergelkeria sendaezina eta kaskarkeria hilgarria diagnostikatuko digute». Kulturak «ezinbesteko izateari utzi dio», Arte Bizia-koen aburuz. Eta, batez ere, udal erakundeetan jarri nahi dute arreta. «Eskura ditugun iturrien arabera, udaletako aurrekontu murrizketak %10 eta % 40 bitartekoak dira. Horri joera are kezkagarriago bat gehitu behar zaio; hau da, aurrekontu urritze horretatik abiatuta ordain-sari oso txikiko jarduerak bakarrik antolatzeko erabakia hartu izana, haien kalitatea alde batera utzita».
Gasteizko egoera larria
Udal batzuetako buruzagi politikoak hartzen ari diren jarrera «izugarri larria» dela eta, batez ere, Gasteizko Udalak harturiko zenbait neurri gaitzetsi ditu Arte Bizia-k. «Principal antzokiko programazioa asko murriztuko dute. Gainera, publikoa sortzeko eta trebatzeko Europan erreferente diren programak deuseztatuko dituzte (Beñat Etxepare antzokia, Haurtxoak proiektua, Txoroleku gunea eta Haur Antzerkia programa), eta hamar urteko ibilbidea zuen Txotxongilo Txoroak Nazioarteko Erakusketa desagertuko da».
Errealitate hori kontuan izanik, Arte Bizia-k eskaera jakin bi egiten ditu. Batetik, alderdi politikoek kultura arloan hizketakide bat izan dezatela. «Haiengana jo dugun bakoitzeko, beti esan izan digute ez dutela kultura arloko mintzaiderik eta hura izandakoan egingo digutela kasu». Eta, bestetik, tokiko erakundeek gutxienez aurrekontuaren %0,7 zuzeneko ikuskizunak programatzeko erabiltzeko konpromisoa har dezatela eskatzen dute. «Urteak daramatzagu sektoreko kontuak erakundeekin adostu nahian, baina beti atzeratu egiten dira konponbideak, botere aldaketak eta beste direla-eta. Bada garaia gaiari sendo heltzeko».
Udalen aurrekontuen %0,7 zuzeneko ikuskizunetarako ematea eskatu dute
Arte Bizia plataforma eratu berri dute «interes alderdikoien gainetik kulturarako babesa berma» dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu