Ekainak lau egun ditu. Goizeko 8.24an iritsi da Transiberiarra. Kresal eta burdin usaina, nonahi. Geltokiaren atarian, tranbia zaharkituak eta aldapak daude han eta hemen. AEBetan, San Frantzisko hirian gaudela dirudi. Han aldapak, lanbroa eta tranbiak daudela badakigulako, filmetan ikusita. Vladivostok ere agertuko da, akaso, filmen batean, baina guk jakin ez nolakoa den.
Lan bi ditugu lehenbailehen egiteko. Harbinera, Txinakora joateko tren txartelak erostea, lehenengoa. Eskarmentua badugu Transiberiarrarekin, eta ez dugu egun gehiago alferrik galdu nahi. Ostatu hartzea da bigarren zeregina, ohe normal batean etzan eta dutxa bat hartzeko gogoz gaudelako, baina batez ere, erregistroa egin behar dugulako. Errusian zaudela, hiru egunez behin ostaturen bateko erregistroa behar duzu, eta erregistro horren agiria pasaportearekin eta bisarekin batera eraman. Poliziak erregistroa eska diezaioke turistari mugan edo edozein unetan, eta erregistrorik ez edukitzea arazo potolo baten hasiera izan liteke.
Vladivostoken zer egin, zer ikus daitekeen begiratu dugu gidaliburuan. Muino, penintsula eta uharte artean hedatzen den hiria omen da Vladivostok, Golden Horn Bay badian eraikia (Urrezko Adarraren Badia). Leihotik begiratu, eta panorama grisa erabat. Lanbroa. Gero eta itxiagoa. Non ote dago badia hori?
Hiriko etorbideetan ingelesezko pankartak ikusi ditugu, eta harrituta geratu gara guztiz. Arropa marka ezagunenetako dendak ere bai (Mango), eta harrigarriena, euskaraz idatzitako oharra ere bai, denda lekuz aldatu dutela iragartzeko. Munduaren beste puntan ere badutela euskararen berri! Japoniar eta korear tankera duten dozenaka turista ikusi ditugu, eta itsas kaira herri horietako dozenaka auto daramatzaten kamioitzarrak ere bai. Otordua hartzeko eseri garenean jabetu gara, erabat, Vladivostok ez dela Errusiako beste hiriak bezalakoa. Errusiako garagardoa eskatu, eta atzerrikoak bakarrik omen dituzte: Japoniakoa, Txinakoa, Mongoliakoa, AEBetakoa... Otorduaren salneurriak ere Moskukoa dirudi Irkutsekoa baino gehiago: 10 bat euro.
Historia bitxia dauka Vladivostokek. 1991. urtea arte hiri itxia izan zen, Errusiako beste asko bezala. Itsas kai ikaragarria dauka, muga-mugan dago, eta bere baitan, errusiarrentzat bizitza bera baino garrantzitsuagoak diren sekretu militarrak dauzka. Haiek sekretu izaten jarraitzeko erabakia hartu zuten aspaldi: bisitariei hirira sartzeko debekua jartzea. Atzerritarrentzat ezinezkoa zen Vladivostokera sartzea 1991. urtea arte. Errusiarrek ere Vladivostoken bizi zen senideren baten gonbita behar zuten, eta gonbitak, arduradun militarren oniritzia. Alegia, prozesu bukaezina. Vladivostokeko hiritarrak ere ezin ziren Errusiatik irten. 1991n bukatu zen, zorionez, egoera hura, eta Vladivostok beltza zena koloretsu bilakatu da 15 urtean.
ITSAS KAI IKUSGARRIA. Itsas kaia bisitatu dugu, eta lanbroak berean egoskor segitzen badu ere, hiriak bigarren mundu gerran eduki zuen garrantzia sekulakoa izan zela konturatu gara. Kaitik gertu dagoen urpeko handi batek gerra hartan hil zirenei gorazarre egiten die (museo bat dago urpekoaren barruan). Metro gutxira, bost gerra itsasontzi daude, «hemen gaude gu, eta kontuz» esan nahiko balute bezala.
Itsas kaia bera bezain ikusgarria da 7 zenbakia izeneko gotorlekua. Bigarren Mundu Gerran eraiki zituzten lur azpiko tuneletan barrena egiten da bisita, ingelesezko gidariarekin, eta oso erakargarria da.
Egun bat joan da, eta lanbroak gure begien gozamena galarazi du. Hurrengo goizean badiara itsatsita jarraitzen du, egoskor. Halako batean, altxatzen hasi da, eta su-eten meteorologikoari zukua ateratzeko asmoz irten gara hoteletik, korrika. Ekialde Urruneko Estatuko Unibertsitate Teknikora (DVGTU) daraman behatokira igo gara. Aldapa dago, baina funikular bitxia ere bai, bost errubloren truke. Lanbrorik gabe, behatokiko bista ikusgarria da. Vladivostok handia da, eraikin asko ikusten dira badiako ertz guztietan, eta itsas kaia beldurtzeko modukoa da. Dozenaka itsasontzi, bata bestea baino handiagoa.
Kaia gertutik ikusteko modu onena Vladivostoketik gertu dagoen uharteren batera txangoa egitea da. Russki uhartera, adibidez. Ordubete eskasera dago, eta kai osoa ikusten da. Eta kaitik, komertzioa: autoak, burdina, mineralak... Hondartza gutxi ikusten da. Vladivostok ez dago Siberian, baina Itsaso Bareko ura hotz dago. Neguan, batez besteko tenperatura --10 gradukoa da egunero.
Itsas kai ikaragarria, militar kutsua eta hiri irekia dira Vladivostoken ezaugarri garrantzitsuenak
Iragana etorkizun
A. urbistondoErrusiako Armadako kideak nonahi ikus daitezke Vladivostoken. Milaka soldadu dira han lan egiten dutenak. Patuaren keriak: Russki uhartera doan ontzian, Transiberiarrean ezagutu genuen Armadako kapitaina doa, Andrei. Soldadu gazteen garraioaz arduratzen da. Vladivostoken trebatzen dituzte asko, eta talde bat jasotzera doa, beste hiriren batera eramateko.
Hiztun dabil Andrei, eta guk ezer gutxi galdetuta, handi samarrak bota dizkigu. Trenean mozkortuta zegoenean baino handiagoak, esaten eta pentsatzen duena kontu bera diren seinale. Japonia eta Koreako turisten kontra egin du, aurrena. Haiek lurra eskatzen omen diote Errusiari, gutxi dutelako eta biztanle asko direlako; «ez dute ulertzen odol asko isuri dugula inperioari eusteko». Bi herri haietako autoak daramatzan ontzi bat pasatu da albotik. Orduan ere kexu: «Ezin al ditugu geuk egin autoak? Kanpotik ekarri eta diru gehiago ordaindu. Kaka zaharra!».
Jakin-mina ase nahian, bularraldean daramatzan bi dominei buruz galdetu diogu, baita masailean duen orbainarengatik ere. Txetxeniako gerran parte hartzeagatik eman zizkioten: «Ohorezko dominak», dio. 1995 eta 2001ean, bitan egon da Andrei Txetxenian. Gatazkari buruz zer pentsatzen duen botatzen hasi da.
«95ean joan ginen, eta bizirik utzi genituen, onena denak akabatzea zenean. Arnasa eman genielako indartu ziren, eta indartu zirelako piztu zen bigarrenez gerra. Groznira (Txetxeniako hiriburua), gauza bakarra egitera joan behar da: tankeekin aurretik harrapatzen den guztia eraistera». Txetxeniarrak izurrite hilgarriena baino gaiztoagoak dira Andreiren ahotan: «Gaizkileak dira. Haiekin ezin da ezer negoziatu. II. Mundu Gerran alemaniarren alde egin zuten, Errusia gorrotatzen dutelako. Stalinek merezitako zigorra eman zien gerra bukatuta». (Stalinek Kazakhstanera deserriratu zituen milaka txetxeniar).
Kazakhstan, Uzbekistan, Turkmenistan, Tajikistan, Kirgizistan eta Errusiaren arteko banaketa ez dela odoltsua izan, eta Txetxeniaren kontrakoa zergatik izan den hala galdetu diogu. Erantzuna: «Beste herriek ez digute eraso, herrialde lagunak dira. Txetxeniarrek bai. Nik musulmanak errespetatzen ditut, onartzen dut beste kultura bat dutela, baina haiek gure kontra egin dutelako egin dugu guk haien kontra».
Errusia bihotzean darama Andreik, bistan da, baina hango agintariak ez hainbeste: «Gay koadrila batek gobernatzen gaitu. Haiek nahi balute, botoi gorri bat sakatu eta mundua txikituko genuke Armadako kideok, baina agintari txepel haiekin ezinezkoa da».
Iraganeko potentzia militarrarekin gogoratzen da Andrei. Ziurrenik, etorkizuna iraganaren antzekoa izatea nahi luke, baina hori zaila da, Errusiak arazo larriagoak dituelako. Txirotasuna, adibidez. Andreirentzat, ordea, arazo hori ez da hain larria. 17.000 errublo irabazten ditu hileko (600 bat euro), zintzilik daramatzan bi dominei esker. Herritarren txirotasuna bigarren mailakoa da berarentzat.
jakin beharrekoak
800.000 biztanle ditu Vladivostokek, baina hiri erdigunea egun pare batean ezagut daiteke. Transiberiarrean eta hegazkinean irits daiteke. Nazioarteko aireportua dauka 1991. urteaz geroztik, eta hegaldiak har daitezke Harbinera eta Pekinera (Txina), Pyongyang eta Seulera (Ipar eta Hego Korea) eta Sapporora (Japonia). Hoteleko erregistroa egin behar da hiru egunez behin Errusian, eta erregistroko agiria pasaportearekin eraman gainean.Ipar Korea 150 kilometrora dago errepidez, Txina antzeko distantziara, eta Japoniako Hokkaido uhartea (Sapporo hiria), 300 itsas miliara.
Itsaso Barearen ertzean dago Vladivostok, eta klima hezea eta epela da udan. Neguan izotz eta elur ordoki bihurtzen da Vladivostok. Itsaso Barea hormatu egiten da neguan, hiru bat hilabetez.
Bizimodua Errusian ohi baino garestiagoa da. 10 euro inguru ordaindu behar da ostatua, eta otorduek ere antzeko salneurria dute.
Itsas kaia eta han dauden ontzi militarrak dira Vladivostoken erakargarritasun handiena.