Ez da oraindik helduko plazara -azken orduko ezustekorik ez baldin bada bederen- Ramon Saizarbitoria idazten ari den nobela, baina aurtengo udazkenak -eta Durango Azokak- irakurlearen eskuetan jarriko duenari erreparatuz gero, berehala ikusten da badirela aurten ere «kontsakratua» tituluaren jabetzat jotzen diren idazleak liburu berrien egileen artean: Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Montoia, Miren Agur Meabe, Patxi Zubizarreta, Mikel Hernandez Abaitua... Horiekin batera, libururik liburu obra gero eta sendoagoa osatzen eta erakusten ari diren idazleak daude: Ur Apalategi -bere aurreneko ipuin liburuarekin-, Gotzon Barandiaran -bere aurreneko nobelarekin-, Jon Benito -bere bigarren poema liburuarekin-, Xabier Etxaniz Rojo -ipuinaren bidetik, ia beti bezala-, Irati Jimenez, Asel Luzarraga, Josetxo Azkona, Asier Serrano...
Urtero bezala, aurten ere bada estreinaldirik: Jokin Ansorena, Irati Goikoetxea eta Joxemiel Bidador. Zehatz esateko, Ansorenaren eta Bidadorren kasuan, udazken honetan kaleratuko direnak ez dira haien estreinako liburuak izango. Baina Ansorenaren liburu berria ia 30 urteko geldialdi baten ondoren dator, aurrenekoa eta orain arteko bakarra -Poemak (Ustela)-, 1981ekoa baita. Eta Bidadorren kasuan, berriz, nahiz eta hainbat ikerlan argitaratu zuen, hauxe izango da haren sormen literario pertsonaleko lehendabiziko liburua; Bidador iragan martxoan hil zen, eta hark idatzita utzitako poemen antologia osatu dute haren adiskideek.
Bai saiakera, kazetaritza, dibulgazioa eta gisako generoak biltzen dituen atalean, eta bai itzulpenei eskainitakoan, aurreko urteetako kopuruei eutsi zaie gutxi gorabehera. Ohiko sailak utzi gabe -eta sail horietako batzuetan itzulpenak argitaratzeari utzi gabe-, Alberdania eta Erein argitaletxeek Batera saila sortu dute ezaugarri jakin bateko liburuak -nazioarteko merkatuan zirkulazioa handia dutenak edo izan dezaketela pentsarazten dutenak- euskaratuta emateko. Itzulpenaren arloa bizirik eta indartsu dagoela erakusten du sail berriak.
Antzerkiaren kasuan, ez da oraingoz liburu berririk iragarri, baina hori ez da beherakada baten ondorio, azken urteetan ere oso bakanak izan baitira zerrendaren atal horretako liburuak.
Atxagaren Xola itzuliko da
Espazio faltaz aldameneko orrialdeko zerrendatik kanpo geratu bada ere, haur eta gazte literaturako liburu berri asko argitaratutako da hurrengo asteetan. Bernardo Atxagaren Xola pertsonaiaren itzulera da, panorama horretan, albisterik aipagarrienetako bat. Aurrekoak bezala, Mikel Valverderen ilustrazioekin iritsiko da plazara Xola eta Ameriketako izeba, Erein argitaletxeak kaleratua.
Atxagaren liburuaz gain, Katixa Agirre, Pako Aristi, Yolanda Arrieta, Gari Berasaluze, Leire Bilbao, Arrate Egaña, Lutxo Egia, Juan Martin Elexpuru, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, XabierMendiguren Elizegi, Fernando Morillo, Alaitz Olaizola, Karlos Santisteban, Ana Urkiza, Itziar Zubizarreta eta Iñaki Zubeldiarenak ere izango dira, besteak beste, haur eta gazteentzat, ohiko ilustratzaileen lanekin hornitu eta edertuak.
Idazle ezagunen lanak
Joseba SarrionandiaIzenburua: 'Moroak gara behe-laino artean?'.
Argitaletxea: Pamiela.
Miguel de Unamunoren poema baten oihartzuna dago Sarrionandiak liburuari ezarri dion izenburuan. Mosaiko baten antzera, gai asko eta askatarikoak biltzen dituen saiakera mardula da lan hau, 700 orrialde ingurukoa. Pedro Hilarion Sarrionandia fraide frantziskotarra du mosaiko horretako piezak bildu eta bilbatzeko abiapuntu eta ardatz. Pedro Hilarion Sarrionandia 1865ean jaio zen Garain (Bizkaia). Gazterik, Errifeko (Maroko) komentu batera bidali zuten, eta amazigeraren edo berbereen mintzairaren lehen gramatika idatzi zuen. Erudizio historiko handi batean oinarrituta, egungo auzi askori buruz egiten du gogoeta egileak: kolonizazioa, gerra, inperialismoa, militarismoa, eremu urriko hizkuntzak, estaturik gabeko nazioak... Euskal Herriko pertsonaia historiko asko eta askotarikoak agertzen dira liburuan. Liburuak 30etik gora kapitulu izango ditu, eta bakoitzak hainbat azpi-atal. Atal horietako bakoitza modu autonomoan irakurtzeko modukoa izango da.
Koldo Izagirre
Izenburua: 'Zazpiak Zazpi'
Argitaletxea: Susa.
Euskarari, haren historiari, haren egungo egoerari eta haren etorkizunari alderdi askotatik begiratu dioKoldo Izagirrek Zazpiak Zazpi liburua osatuko duten testu laburretan, baina ikuspegi pertsonal batetik kasu guztietan. Ez da tesi jakin baten inguruan harilkatutako saiakera, apuntez eta gogoetaz osatutako liburua baino, egilearen estiloak akademizismotik urrunarazi eta literaturaren eremura eramana. Antzinakoenetik gaur egunekoak arte, euskarari buruz esanak eta isilduak, edo eginak, egin gabe utziak eta debekatuak ekarri ditu gogora Izagirrek, gero horien inguruan gogoeta pertsonala egiteko, betiere euskara ardatz duen komunitateari zuzendu eta bideratua. Horretarako, aurreiritziak eta ikuspegi manikeoak alde batera uzten saiatu da, eta ikuspegi topiko eta fosilduetatik ihes egiten. Inoiz euskararen historia bat idatziko balitz, historia horren egileek interes handiko materiala aurkituko lukete Koldo Izagirreren Zazpiak Zazpi liburuan bildutako apunte eta gogoetetan.
Xabier Montoia
Izenburua: 'Fucking Artists'
Argitaletxea: Elkar.
Hainbat gai, garai eta lekutan girotutako istorioak biltzen ditu liburuak, hamar guztira: Jaurlaritzan sartu berri den emakume batek bizkartzainarekin izandako gorabeherak, futbol profesionalean arrakasta izatearekin amets egiten duten gazte batzuen historia, etxeko abusu sexual zahar batek oroimenean utzitako zauriak... Oro har, egilearen obran ohikoa denez, garratzak gozoak baino presentzia handiagoa du ipuin guztietan.
Arantxa Urretabizkaia
Izenburua: 'Zazpi Mariak'
Argitaletxea: Erein
Maria izeneko Hondarribiko hiru emakume dira nobelako pertsonaia nagusiak. 36ko gerra hasi zen garaian neska koxkorrak ziren hirurak. Egun, 80 urtetik gora dituztela, Maria haietako bik elkarrekin topo egin eta elkarrekin bizitzen jartzen dira; hirugarren Mariaren bila joatea erabakiko dute gero. Adin handiko emakumeak izanagatik, egitasmoak eta ilusioak dituzte nobelako emakumeek, ez dira iraganari kateatuta bizi.
Patxi Zubizarreta
Izenburua: 'Joan. Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk'
Argitaletxea: Txalaparta.
Erabaki beharraren inguruko nobela da. Joan Lisboan bizi da. Esaten diote Santa Grazin (Zuberoa) bizi den anaia osasun egoera larrian dagoela. Hara joan edo ez joan erabaki beharko du Joanek. Nobelak Joanek hartutako erabakien ondoriozko emaitzak erakutsiko ditu. Idazteaz gain, beste hainbat arlotako sortzaileekin elkarlana jorratu du Zubizarretak, nobela ardatz nagusi hartuta.