Urez inguratuta egon arren, Kuba ez dago bakartuta. Uharte berezia bada, noski, berezia ere bai, hainbat esparrutan. Baina olatuek lotu egiten dute inguruko uharte eta lurrekin, baita lekurik urrunenekin ere. 1982. urtetik urtero egiten duten Liburu Azoka da horren adibide. Diotenez, uharteko kultur ekitaldirik handiena da, hala garrantziz nola jendetzaz. Aurtengo azoka, esate baterako, 270.000 lagunek bisitatu dute oraingoz. Hala adierazi zuen Zuleica Romayk, Kubako Liburu Institutuaren lehendakariak, joan den igandean Habanako aldia amaitutzat eman zuelarik. Izan ere, Habana lagata, Kubako zortzi probintziatik igaroko da azoka ibiltaria—Isla de la Juventud udalerri berezitik, halaber—, martxoaren 4an Santiagon amaitu arte.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hogeita bi herrialdetako ehundik gora intelektual bildu dira Habanako Liburu Azokan. Hala, Fidel Castroren aurrera azaldu ziren, besteren artean, Mexikoko Sergio Pitol, Jamaikako Norman Girvan, Argentinako Adolfo Perez Esquivel, Brasilgo Frei Betto, Belgikako François Houtart eta Galiziako Ignacio Ramonet. Azokaren «borondate deskolonizatzailea» azpimarratu du Romayk: «Kubako Liburu Azokak aurre egin nahi die kultur industria kapitalistaren balio friboloei». Era berean, «egungo pentsalari onenak» ezagutarazi nahi izan dituzte, baita literatur sortzaile gazteen lanak bultzatu ere. Nabarmentzekoa dira solasaldi tailerra, zeinak mahai inguru batean bildu zituen Latino Amerikako hainbat idazle gazte. Bilkura horretan, sorkuntza lantegien garrantzia aipatu, eta adibide gisa jarri zuten Onelio Jorge Cardoso, Kubako Literatur Prestakuntzarako Zentroa.
Deskolonizazioa gai funtsezkoa izaki, gogoan hartu nahi izan dituzte bi gertakari: alde batetik, Espainiako botere kolonialaren aurka Jose Antonio Apontek gidatu zuen altxamendua, duela berrehun urte; bestetik, duela ehun urte gertatu zen Partido Independiente de Color delakoaren matxinada armatua. Omenduekin jarraituz, Kubako bi idazle ohoratu dituzte aurten. Zoila Lapique Becali, 1930ean Habanan jaioa, historialari eta musikologo ezaguna da Kuban. Giza zientzietan ikerketa ugari egin izan ditu, gehienbat uharteko jendeari eta kulturari buruz. Ambrosio Fornet Frutos, berriz, hainbat esparrutan gailendu da: kazetaritzan, irakaskuntzan, literatur kritikan, ikerketan eta gidoigintzan.
Karibeko handitasuna
Nazioartekoa den neurrian, munduko kulturen arteko elkarrizketa du helburu Kubako Liburu Azokak. Deialdi bakoitzean herrialde edo lurralde bat hautatu, eta arreta berezia eskaintzen diote antolatzaileek. Aurtengoan, Karibe Handia omentzen ari dira, eta horretarako, 11 herrialdetako ordezkariak gonbidatu dituzte. Karibe Handia delakoa herri hauek osatzen dute: hamalau uhartek, Erdialdeko Amerikako sei herrialdek, eta Karibe itsasoak ukitzen dituen Hego Amerikako lau estatuk. Horiez gain, AEBetako New Orleans eta Louisiana lurraldeek nolabaiteko kidekotasuna dute aurreko guztiekin.
Azken mendeotan, Europako, Afrikako eta Asiako etniak nahastu egin dira karibetar, amerindiar eta arawakekin. Hizkuntzak, sinesmenak, pentsaerak, ohiturak eta gaixotasunak ere txirikordatu dira hala. Kariben kolonizatzaileek gaztelania, frantsesa eta ingelesa inposatu, eta konbinazioz, karibetarrek patois (frantziar dialektoak), kreolera eta papiamentoa sortu zituzten. Landatze ekonomia, lapurreta, mendetasuna, gabetzea, erresistentzia, kulturartekotasuna eta beste hainbat eragileren ondorioz garatu dira Karibeko kulturak. Mundu zabalean ezagunak dira hango dantzak eta musika estiloak: son, guaracha, runba, manbo, calipso, merenge, bolero, reggae, bachata, ballenato, jazzeta abar. Karibeko literatura, berriz, lehenik gutxietsi, gero folklorera murriztu, eta egun, gutxi ezagutzen du munduak.
Hainbat eta hainbat izen-abizen aipa daitezke, Karibe Handiko literatura zein aberatsa den erakusteko. Gurean ezagun samarrak dira, besteak beste, Martinikako Aime Cesaire, Kubako Nicolas Guillen eta Alejo Carpentier, baita Santa Luziako Derek Walcott ere. Deskuiduan, gizonezkoak dira oro. Alabaina, badira beste hainbat izen-abizen, ezezagunagoak bai, baina ez txarragoak horratik: Kuban bertan, Dulce Maria Loynaz, Carilda Oliver Labra, Graziella Pogolotti eta Nancy Morejon; Guadalupen Maryse Conde; Puerto Ricon Ana Lydia Vega; Guyanan Oonya Kempadoo, eta beste hainbat idazle handi.
Hain hurbil, hain urrun
Kubako Liburu Azokako ekitaldi ugarien artean, mahai inguru interesgarria gidatu zuten Reynaldo Gonzalez, Leonardo Padura eta Senel Paz idazleek: Hain hurbil eta hain urrun. Kubatik kanpo bizi diren idazle kubatarren literatura. Hitzaldi hori zela eta, kexu azaldu da Antonio Jose Ponte idazlea —Kubatik erbesteratu zen 2007an—. Izan ere, literaturaz hitz egin ordez, erbesteko literaturaren kudeaketaz jardun zuten, Ponteren ustez. Nolanahi ere, halako hurbiltze bat sumatu du Gonzalezen hitzetan: «Epe luzera, kubatar guztiak beharko ditu Kubak».
Literatura
Uharte bete liburu
Hogeita batgarrenez, zabalik da Kubako Liburu Azoka ibiltaria. Antolatzaileek arreta berezia eskaini diote aurtengoan Karibe Handiko literaturari, eta azokak «borondate deskolonizatzailea» duela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu