Hunkituta eman ditu azalpenak Nuria Buldain Uharte Buldain fundazioko zuzendariak. Estu ibili dira azken urteetan eta are gehiago estutu zuen haien egoera Nafarroako Gobernuak indarrean jarritako Museoen Legeak. Museotzat hartu ez eta diru laguntzarik gabe gelditu dira geroztik. Azken kolpea heldu zaie orain. Uharteko Udalak hurrengo urtean dirulaguntzak txikituko dizkiela adierazi die eta horrek bultzatu ditu erabakia hartzera.
Ez dute itxiera izango denik zehaztu, halere. Elkarrizketan dira udal ordezkariekin. Ez diote zentzurik ikusten, ordea, asteburutan soilik irekitzeari. Izan ere, hiru dira fundazioaren zutabeak: Patxi Buildain artistaren obra, antolatzen dituzten tailerrak eta bestelako erakusketa eta ekintzak. "Gune bizia behar du zentroak eta asteburutan bakarrik irekita zaila izango da hori", azaldu du Buldainek. "Lana ongi egiteko baldintzarik ez badago, ni ez naiz hemen egongo", gehitu du.
Bi erakusketa jarri dituzte ikusgai harik eta urtea bukatu arte. Museoaren zazpi urteetan Patxi Buldain artistak bertan egindako bakarkako erakusketen bilduma bat eta artistak uda honetan egindako lanak biltzen dituena. Ikusteko dago azkenak izango diren. Esperantzari heldu nahi izan diote fundazioko arduradunek: "Ea hau ez den itxiera erakusketa bat. Zazpi urtetan egindako lana da nabarmendu nahi genukeena".
Eskerrak eman dizkiete fundazioarekin lan egin eta museoa bisitatu duten guztiei eta abenduaren 15ean agur festa bat egingo dutela aurreratu dute.
http://www.fundacionhuartebuldain.com/euskara/principal/principaleus.htm