Ukrainako Oreya Chamber Choir taldeak ez du parekorik izan Tolosako 43. Abesbatza Lehiaketan (Gipuzkoa). Sari nagusia lortu ez ezik, ahots nahasien ataleko bi sailetan ere garaile atera da, hau da, polifonian eta folklorean. Lehiaketako irabazle nagusia izanda eta puntuaziorik altuena eskuratuta, datorren urteko Europako Sari Nagusian parte hartuko du, Mariborren (Eslovenia).
Atzoko amaiera ekitaldia ere aprobetxatu zuten euren maila eta baliabideak erakusteko. Abestu beharreko kantuez gain, bi opari egin nahi izan zizkieten entzuleei. Kriskitinak eta abanikoak atera, eta zapatak astintzen jardun zuten lehenik, gizonezkoak emakumezkoen maitasuna lortzen saiatzen ariko balira bezala. Sari banaketa amaitu ondoren, berriz, Nikolai Rimski-Korsakoven Polet Xmelya(Erlastarraren hegaldia) pieza umoretsua eskaini zuten, inguruan intsektu bat zebilkiela irudikatuz.
Euskal Herritik parte hartu zuen talde bakarrak ere izan du sari bat. Errenteriako Landarbaso Abesbatzak hirugarren saria eskuratu zuen ahots nahasietako polifonia atalean. Jantzi berde-beltzak soinean, lasaitasuna iradokitzen zuten ahots leunak atera zituzten oholtzara. Saioaren amaieran, ordea, askotariko doinu, hots eta ahotsen nahasketak burrunba sortu zuen antzoki osoan. Maila handiko abesbatzak parte hartu dute aurten ere, Aitor Elduaien ekitaldiko aurkezleak azaldu zuenez. «Puntuazio baxuena jaso duen taldeak puntuen %77 lortu ditu».
Amaitu da 43. abesbatza lehiaketa, baina Tolosan festa ez da bukatu. LarunbateanEuropako Sari Nagusia izango da Leidor antzokian, 17:30ean. Lehiakideen artean Euskal Herriko ordezkari bat izango da, Kup taldea.
Ukrainako Oreya Chamber Choir abesbatza izan da
Sari nagusiaz gain, ahots nahasien ataleko polifonia eta folklore modalitateako sariak irabazi ditu Abesbatza LehiaketanLandarbaso Abesbatzak hirugarren saria eskuratu du ahots nahasietako polifonian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu