Umorea, borrokan

Umoreak «basakeria-adierazpenen aurka borrokatzeko» duen gaitasuna aztertuko du Bilboko Barrea jaialdiak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gerra, terrorismoa, diktadura eta matxismoa umorearen bidez salatuko ditu III. Bilboko Barrea jaialdiak, besteak beste. Izan ere, antolatzaileek azaldu bezala, «umoreak basakeria-adierazpen desberdinen aurka borrokatzeko duen garrantzia» izango du ildo nagusi jaialdiak. Hala, urriaren 2tik 7ra bitartean, horren inguruko eztabaidak, liburu aurkezpenak, literatur lehiaketak izango dira Bilboko Areatzan kokatutako karpan eta BBK aretoan. Horrekin batera, umore grafikoko zenbait erakusketa egingo dituzte eta, besteak beste, Carlos Gimenez Paracuellos komikiaren egilearen lanaren eta Hermano Lobo aldizkariaren ingurukoak egingo dituzte. Beste askoren artean, Paul Preston, Jon Juaristi, Fernando Savater, Bernardo Atxaga eta Ismail Kadare bilduko dira jaialdira. Azken horrek III. BBK Bilboko Barrea saria jasoko du.

Bilboko Barrea Umoredun Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Astea-ren egitarauko osagai nagusietako bat izango dira idazleen arteko solasaldiak. BBK aretoan egingo dituzte ia egunero 20:00etatik aurrera. Guztiak ere, egileek indarkeriaren inguruan duten egitekoaren inguruan mintzatuko dira. Bernardo Atxaga eta Jon Juaristi Egilearen konpromisoa basakeriaren aurrean lemapean solasean arituko dira urriaren 4an. Aurreko egunetan, berriz, Paul Preston historialaria eta Lorenzo Silva idazlea batera arituko dira eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratuko dute Umorea bonben azpian izenburuko saioan. Andres Trapiellok eta Fernando Savaterrek, berriz, Egilearen konpromisoa basakeriaren aurrean izango dute mintzagai, besteak beste.

Solasaldiekin batera, umore grafikoaren inguruko erakusketak izango dira jaialdiko beste muina. Antolatzaileek azaldu bezala, «Areatzan gerra zibila, gerraostea eta diktadura frankistari buruzko erakusketa» antolatuko da, Carlos Gimenez komikilariaren lana bilduta. Horrez gain, Hermano Lobo 70eko hamarkadako umore aldizkariaren inguruko atzera begirakoa ere egingo dute. Halaber, Umorea krisiaren aurka erakusketa jarriko dute ikusgai Asier eta Javier marrazkilari bikoteak. Azkenik, Umore grafikoa ETAren aurka erakusketa atonduko dute Bilboko Alondegian. Horretan, besteak beste, Forges, Mingote, El Roto, Zulet, Peridis eta Jose Ibarrolaren lanak bilduko dituzte.

Jaialdiak zenbait berritasun ekarriko ditu aurten. Horien artekoa izango da kalean, aire zabalean, Boris Izagirre telebistako aurkezlea, Cristina Fallaras idazlea eta Valerie Tasso sexologoa bilduko dituen Umorea sexuan mahai ingurua. Bestalde, gazteak eratzeko asmoz, antolatzaileek abian jarriko dute Literatura eta umore grafikoaren I. eskola lehiaketa, 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Gerraren aurkako gerra

Miguel Gila komiko espainiarraizan zenak etsaiarekin linea zuzena izango du berriro, egunero, Areatzan. Hala, omenaldia egingo diote eta gerraren inguruko haren bakarrizketak proiektuko dituzte. «Gilak gerraren ergelkeria salatu zuen, zentzugabeko umorezko esketx batean txertatuz», azaldu zuten antolatzaileek. Gila ez da omenduko duten egile bakarra, izan ere, Ismail Kadare idazleari ere omenaldia egin nahi izan diote aurten eta BBK Bilboko Barrea saria emango diote. Hainbatetan Nobel sarirako hautagaia izandakoa Bilbon izango da, eta Carmen Posadas idazleak jendaurreko elkarrizketa egingo dio BBK Aretoan. Idazlea Albanian jaio zen 1936an eta Frantziara erbesteratu behar izan zuen 1990ean, Enver Hoxharen diktadura zela eta. Gerora, Kosovoko gatazkaren inguruan ere nabarmenduzen. Bere lanagatik nazioartean saritu izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.