Universal zinema ekoizleak ehun urte bete zituen joan den maiatzaren hasieran, eta, hori dela eta, aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, 23.ak, omenaldia egingo dio. Datorren urriaren 27a eta azaroaren 2a bitartean egingo da, eta, besteak beste, Universali buruzko ziklo bat egingo dute, 1930eko eta 1940ko hamarkadetan hark ekoitzitako filma klasikoekin. Viktoria Eugenia antzokiak ere ehun urte beteko dituenez, film horietako gehienak hor emango dituzte.
Hori jakinarazi zuen Joxemi Beltran zinema astearen zuzendariak atzo, kartelaren aurkezpenean. Mario Vaquerizo showman-a da karteleko protagonista. Vaquerizok aitortu zuen 1998tik urtero zinema astera etortzen dela, eta iaz Beltrani aurtengo karteleko «protagonista» izatea eskatu ziola horregatik. Kartelean, «banpiro modernoa» bihurtu da, Francis Ford Coppolak 1992an egindako Dracula filmeko pertsonaia nagusiari keinua eginez.
Hain zuzen, Drakulari buruzko erakusketa bat egingo dute aurten Okendo kultur etxean, urriaren 27a eta abenduaren 7a bitartean. Hala, zinemako eta literaturako banpiro «ospetsuenari» omenaldia egingo dio zinema asteak, Luis Gascaren artxibotik hartutako era guztietako objektuak baliatuta. Ekintza paraleloetako bat izango da.
Eta, Universalek orain dela 70 eta 80 urte ekoitzitako film klasikoez gain, fantasiazko eta beldurrezko beste film klasiko batzuk ere emango dituzte zinema astean. Besteak beste, ondorengoak: The Incredible Shrinking Man (1957), Saws (1975), E.T.: The Extra-Terrestrial (1982) eta Back to the Future(1985)
Universal gogoan Donostiako Beldurrezko Zinema Astean
Mario Vaquerizo da karteleko protagonista, eta Francis Ford Coppolaren 'Dracula' filmari keinua egin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu