Literatura

'UR ARREAK, UR GARBIAK'. Herri baten hondoratzea

Bixente Serrano Izko.
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Egilea: Joan Mari Irigoien.

Argitaletxea: Elkar.

Herri txiki alegiazko bat, Nafarroako ekialdean kokaturik, urpean desagerturik, urtegi batek itoa. Detaile batzuetan Esakoaren eraikuntzan inspiraturik dagoela dirudi, baina ez du horren historia izan nahi inondik ere. Bertzalde, eleberria, gaur argitaraturik, Itoizko urtegiaren inguruko polemikak eta gatazkak pil-pilean zeudela idatzirik dago bere lehen bertsioan, egileak adierazten duenez; izan ere, datak jarri ditu amaieran: «2001eko udazkena (2011ko udaberrian berrikusia)». Eleberriari interes erantsia ematen dioten kontuak, dudarik ez.

Eleberriko gaurkoan, urtean behin hasi dira herriko auzo ohi batzuk biltzen, bazkari batean, jada edadetuak guztiak, beren oroitzapenak eta istorioak elkarri kontatzen, mahai gainea jartzen, berriz bizitzen. Mahaikideen artean, bi pertsonaia nagusi, narrazioko protagonistak azken batean: Leon, guztiengan memoria onenekoa eta liburu bat egiten ari dena, narratzailearen jokoa garatuko duena, eta Satur, haurtzaroan izaniko istripu bat dela kausa, haur adimenean, eta irudimen eta sentimenetan, gelditu zena bizitza osorako. Narratzailearenmemoria bizi eta zehatzak (bertzeenarekin ere osaturik) herriaren historia latzaren ur arreak irudikatuko dizkigu, eta Satur haur handiaren begirada, jolasak eta ateraldiak ur garbiagoetako bizimodu posible baina irrealaren ikur halako bat ditugu. Kontraste horretan, eta bertze osagai batzuetan —ura, haizea, zeru urdina, hodeiak, lurra, sua—, Irigoienek leial jarraitzen dion mundu sinbolikoaren bere eraikuntza dugu berriro ere gaurko nobelan.

Bazkaltiarren oroitzapenak errepublika garaian hasi umetan, gerra eta hurbileko gerra ostean koskortzen joaten dira eta diktadura betean garatuko dute bizitza aktiboa. Tradizioz (inertziaz?) herrixka eskuindarra da errepublika urteetan, baina gutxiengo bat ere badago errepublikano, komunista, anarkista…, gerrako atzeragoardian eta gerra ostean jazarpenak eta sarraskiak pairatuko dituen gutxiengoa, jakina. Gero, auzoko batzuk, garaileekin edo haien itzalean ongi babesturik, herriko kazike eta tratulari ustez ahalguztidun bihurtuko dira. Giro horretan, eta autoritarismoa lagun, aurrera aterako da urtegiaren proiektua eta haren hondora joan herria bera, sortetxeak, bizitako bazterrak, soroak, horri guztiorri loturiko bizipenak.

Bazkaltiarren elkarrizketetan, Leonen ahotsa gidari, garatzen da narrazioa, tarteka sartuz liburu proiektu baten —Leonena ere bai— pasarteak, zeinetan Satur dugun erreferentzia nagusia. Bi plano narratibo, beraz, aipaturiko bi zutabe sinbolikoei dagozkienak. Halako bonhomie bat darie bi planoetako giro eta erregistroei, gertakari latzak azaltzen dira mahai gainera, baina zahartzaro lasai bateko talaiatik ikusiak. Garapen kronologikoa, narrazioari jarraitzeko eroso, ongi neurturik erritmoa, ongi ehundurik istorioen hariak, hizkera goxo eta aberatsa, zukan eta tokan.

Irigoienen idazkera ohikoa, bere sintaxi klasikoa, dotorea, goxo irakurtzekoa. Ez dakit, dena dela, horrek ez ote dion ematen arkaismo tonu halako bat narrazioari. Bikain egokia deritzodana Lur bat haratago bertze eleberri hartan, egokia ere bai Orbetarrak trilogian; gaurko honetan, aldiz —paragrafoak, perpausak eta haien arteko loturak motzagoak dira, ez hain konplexuak…—, ez dakit hain egokia den. Edozelan ere, Irigoienen marka dugu idazkera hau, leial eta eguneko haizeen kontra jarraitzen diona, eta deus ere ez dio kentzen bere narraziogintzari, ezta, gaurko honetan bezala, ematen duenean ere bertze idazkera ohikoagoa espero dezakeela ohiko irakurle batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.