Liburu aurrerapena

Ur arreak, ur garbiak

Joan Mari Irigoeinek (Altza, 1948) datorren astean aurkeztuko du Ur arreak, ur garbiak (Elkar). Urgain herriko kontuak ditu kontagai nobela berriak. Nafarroako ipar-ekialdeko alegiazko herri bat da Urgain, urtegi baten azpian geratutakoa. Han bizi izandakoek ez daukate ahazteko ordea. Horregatik biltzen dira txikitako lagunak, eta, bazkalosteko solasean, garai bateko ohiturak, pertsonaiak eta gertakariak oroitzen dituzte. Honako hau nobelaren hasierako pasartea da.

2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Herria galdu zuten, baina oroimenean daramate, eta oroiminak elkartzen ditu urtero. Gaur ere hor daude, Ollorin, «Las Dos Hermanas» jatetxean.

Leon Iraizoz Jimenezi bururatu zitzaion, hirurogei urte bete zituenean: «Zergatik ez gara sasoi bateko lagunak elkartzen?». Leon, izan ere, idazlea da, hainbat libururen egilea, eta kontalari aparta, memoria ikaragarria duena. Eta herria galdu izanaren biziminak bizi du. Gai hura aintzakotzat harturik, ipuin bat ere idatzi zuen aspaldi, hona hemen lehen lerroak:

Ni ez naiz lurtarra jadanik.

Baina galdetzen didatenean nongoa naizen, denborak estalitako herri hartakoa naizela erantzuten diet, denborak eta urak.

Edo ametsei izenak jartzen hasita, Urgain-goa naizela erraten ahal dut, ez Garaidi detektibearen laguna naizelako, baizik eta amets hauek guztiak uraren gainean eraikiak izan zirelako.

Orain ere — «Las Dos Hermanas»-ko jangelan dagoen egutegiak egia badio, kristau zibilizazioak berdindu du 2001. urteko muga—, zortzi lagun daude, guztiak ere erretiroa harturik jada: Honorio eta Jorge, Blas eta Justino, Sancho eta Zabulón, Leon eta Satur.

Orain dela urte batzuk hagitzez ere gehiago biltzen ziren: ez artean bizi zirèn guztiak… baina bai hogeita hamabi lagun, lehen urtean. Geroztik, ordea, politika dela-eta, haserretu egin dira batzuk —Estanis eta Arcadio, adibidez; Lamberto eta Fulgencio, adibidez…—, eta bertze batzuk hil: Ginés eta Toribio, Teodoro eta Leopoldo… Gaztetan hildako jendearen zerrenda ere ez da motza: Liberato eta Lino, Mauricio eta Tomás, Leonen anaia…

Denek dute urgaindartzat beren burua, eta denek saka- banatu behar izan zuten, urtegia egin ez bertze: Honorio Iruñean bizi da, gaur egun; Leon, Donostian; Justino eta Jorge, Olallan; Sancho, Zabulón, Blas eta Satur, Ollorin, bertako zaharretxean; Estanis eta Lamberto, Ollopenzun; Arcadio, Zaragozan; Fulgencio, Oyesan… Jakintza akademikoari dagokionez, berriz, gehienek —hamarretik bederatzik— herriko eskolan ikasitakoarekin etsi behar izan dute; bertze batzuek, berriz, karrera bat dute… edo herriko eskolakoak baino haragoko estudioak: Honorio, konparazio batera, abokatua da, langileen kausari emana bizi izan dena; Leon, botikaria; Jorge, laborantza teknikaria; Estanisek eta Lambertok kontaduria ikasi zuten, baita beren lanbidean goiti egin ere: bata banku baten sukurtsal bateko zuzendaria izan zen, eta bertzea aurrezki kutxa baten sukurtsal bateko zuzendariordea; Liberato, Opuseko apeza izan zen, bizi izan zen artean…

Jatetxera sartu aitzin, solasean aritu dira zortzi lagunak atarian: sei, kanpoan dagoen mahai baten inguruan, eserita, eta, bizpahiru metrora, bertze bi, zutik: Jorge eta Sancho: —Ikusi al duk zer kementsua dagoen udaberria…? —erran dio Jorgek.

—Gu, ordea, neguan gaudek, eta negua negu duk beti, kar-kar-kar… —erantzun dio Sanchok.

—Ezkorra haiz gero…! —erabat aldatu zaio Jorgeri begi- tartea.

—Nor da hemen ezkorra? Hi serio-serio hago, eta ni barrez, kar-kar-kar…

Une honetan, baina, zortziak barruan daude, nor bere aulkian… mahai tresnak ere —platerak eta edalontziak, koilarak eta sardexkak, zamaua eta ahozapiak—, bakoitza bere tokian. Bazkaria zerbitzatzen, berriz, berrogei bat urteko emakume ilehori bat dago, eltze handi batekin mahaira iritsi eta hura gainean paratu eta pausatu duena, mahai tresnarik ez dagoen guneetarik batean; segidan, barrutik burruntzalia atera eta babarrunak —txorizo- eta odolki-puskak lagungarri— banatzen hasi da.

Jendea, jakien usainak eraginda-edo, animatzen hasi da. —Nork erran zuen ahoz baino lehenago jan behar dela begiz…? Sekula horrelako paisaiarik…! —erran du Sanchok, Pavloven txakurraren sindromepean.

—Hauxe duk lurrina, eta ez Sofi a Lorenek erabiltzen duena! —Justinok.

Bakoitzari berea emanda gero, ilehoria erretiratu eta Leonek erran du:

—Urtero hasten nauk kontu berarekin, baina zer polita zen Urgain…! Lurra eta ura, herria eta ibaia…

—Eta zer gustura ibiltzen ginen ibaian…! —Jorgek.

—Eta Sansonen harrian…! —Saturrek.

—Eta kanposaindua, bere zipresekin…? —Sanchok—. Urpean ez balego, gustura hilko nindukek oraintxe bertan. Ondorioak ikusten dituzue: nahita ere, ezin hil…

—Alferrik habil, Sancho, zaintzen ez bahaiz: bularreko angina, izan ere, ez duk txantxetako kontua… —Zabulónek.

—Geroztik hamar urte egin ditiat, eta inoiz baino hobeki sentitzen nauk.

—Bai, baina orain ere entsalada bat eskatu beharko huke…

—Ez hasi, Zabulón, ezagutzen haut-eta!

Gero, lauzpabortz segundoko isilunea. Eta gero, berriro errepikatu du Leonek, malenkoniaren ertzetik:

—Urgain: lurra eta ura, herria eta ibaia… Eta gu hantxe, don Erasmo maisuaren eskolan, orain klasean eta orain jolas-garaian, korrika eta saltoka, oihu eta algara…

Izan ere, jende hura —Honorio eta Jorge, Blas eta Justino, Sancho eta Zabulón, Leon eta Satur, eta bertze guztiak— don Erasmoren eskolan zebilèn garaian, herri polita zen Urgain.

Gaztelugoi izeneko mendixkaren magalean kokatua, plaza bat zuen, tipia baina ederra, karratua; plazaren alde batean, XVI. mendeko eliza apal bat zegoen, bere kanpandorrearekin, non urtero egin ohi baitzuten zikoinek habia, hegazti hankaluze haien munduan muga bat ere izan zitekeena, nekez aurkitzen ahal baitzen iparralderago bertze zikoin-habiarik; elizaren aitzinean, plazaren bertzaldean, udaletxea zegoen; haien alboan, berriz, herriko eskola, hiru eraikin zituena, itxurazkoak bezain nasaiak: ezker-eskuin, bi pabiloi —bata mutilendako, bertzea neskendako—, eta erdian, maisu-maistren etxebizitzak, bi solairutan banatuak; plazaren bertze alboan, azkenik, eskolaren parez pare eta karratuaren laugarren aldea osatuz, hiru etxetzar zeuden: erdikoa Quirico Salazar zeritzanaren taberna zen —«Quirico»—, tabako-denda ere bazena, baita bertze edozein jenerotako saltokia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.