Bizkaiko Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, Urdaibai (Bizkaia) eskualdeko Guggenheim museoa Sukarrieta eta Busturia herrien artean egin nahi dute, etxalde batean. Leku hori hautatu dutela esan du, prentsa ohar baten bidez. San Antonio hondartzaren ondoan dago, eta garai batean udalekuak hartzen zituen.
Aukeratutako terrenoa BBKrena da, eta Aldundiak dagoeneko aipatu dio horretan interesa duela. BBK-k ere proiektuan interesa izango duelakoan dago Diputazioa, "eskualdea sustatzeko". BBK-k agertu du aztertuko duela.
Gernika-Lumo eta Bermeo dira Urdaibaiko herri nagusiak, eta bien artean daude Sukarrieta eta Busturia.
"Eraikina eskualde osoaren mesederako egingo da, eta ez herri bakar baten onerako", adierazi zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurugiro diputatu Josu Madariagak (EAJ). "Artea eta natura uztartu nahi dira", haren iritziz eta, horregatik, ingurune naturalago bat aukeratu dutela.
Ildo horretatik, erreserba izateak bailarari min handia egin diola gehitu zuen Madariagak. "Busturialdeko garapen ekonomikoari eragin dio". Hortaz, "ez da kasualitatea museoaren proiektua landu izana, eta ez errepide sare berriarena". Izan ere, Sollube eta Autzaganeko autoentzako bideekin eskualdeko egoera ekonomikoa hobetzea nahi dute.
Guggenheim museoak Urdaibaiko biosferan sor ditzakeen kalteez hitz egitean, giza garapena eta naturaren babesa batu nahi direla esan zuen. "Museoak ez du zertan ingurunea suntsitu", diputatuaren aburuz.
Jose Luis Bilbao (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusiak joan den ekainean iragarri zuen Urdaibain Guggenheim museo berria egingo dutela -Bilbokoa baino askoz txikiagoa-, eta ehun milioi euro dituztela eraikitzeko.
Kultura
Urdaibaiko Guggenheim museoa, Sukarrieta eta Busturia artean
Hala iragarri du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. BBKren terrenoak hautatu ditu. "Artea eta natura uztartu nahi dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu