Richard Amstrong Solomon Guggenheim Fundazioko zuzendariaren arabera, Urdaibai eskualdean egin nahi duten Guggenheim museoa "ez da arkitekturako ikurra izango [Bilbokoa bezala], baizik eta paisaia ikurra. Inguruarekiko errespetua edukiko du". Iritzi berekoa da Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheimeko zuzendaria, gaur biek egindako agerraldian aitortu duenez.
"Bilbon egin zenaren kontrakoa izango da Urdaibaikoa, erabat kontrakoa", esan du Amstrongek, "nahiz eta haren filosofiaren jarraipena izango den". XXI. mendeko lehen kultur azpiegitura egitasmo handia litzatekeela azpimarratu du, eta eskualdean lanpostuak sortuko lituzkeela.
Bidartek adierazi du ez luketela Bilboko eredu bera errepikatuko, "baina bai arrakasta". Haren iritziz, beste eskaintza bat izango luke, sormena izanda oinarri, "ez emaitza, ez erakusketa". Urdaibaiko museoraren bisitarien %99 Bilbokotik joango liratekeela uste du, eta Bizkaiko hiriburuaren eta eskualde horren arteko errepideak eta tren zerbitzua hobetzeko dei egin du.
Halaber, azpimarratu du proiektua Bilboko Guggenheim Fundazioarena dela, ez Bizkaiko Foru Aldundiarena -batik bat, hau dabil sustatzen-. Eusko Jaurlaritza, oraingoz, ez dago egitasmoaren alde.
PPren fundazio batek Urdaibaiko egitasmoari buruz antolatutako ekitaldian hartu dute parte Bidartek eta Amstrongek, Bilbon. Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia ere izan da. Honek Bilboko museoaren sorrera garaian parte hartu zuen, baina orain Urdaibaikoa egiteko "arrazoi sendorik" ez dagoela esan du.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak jakinarazi du bere alderdiak hurrengo egunetan esango duela Urdabaiko museoaren alde den-ez.
kulTURA
"Urdaibaiko Guggenheim paisaia ikurra izango da"
Richard Amstrong Solomon Guggenheim Fundazioko zuzendariak adierazi du Bilboko museoaren kontrakoa izango litzatekeela proiektu berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu