Askotan errazegi erabili dugun hitz bati heldu nahi nioke sendo, esentziari alegia. Nire oraingo mugak ezagutu nahi ditut, eta horiek gainditzen saiatu”. Printzipio deklarazio hori du oinarrian Mikel Urdangarin musikariaren hurrengo birak. “Etxeko sukaldeko Mikel hori erakutsi nahi dut”. Gitarra eta ahotsa; kito. Taldekiderik eta beste tresnaren laguntzarik gabe igoko da oholtzara musikaria. Hamazazpi urtetan osatzen joan den kantutegiko piezak eskainiko ditu emanaldietan, baina abesti berriak ere joko dituela aurreratu du. Oraindik bukatu gabe dituen abesti berriak, alegia. Sortzen joan ahala plazaratuko ditu kontzertuetan. “Ikusleak ezagutuko ditu kantak sortu bezala”. Abenduan hamar kanta batuko dituen diskoa kaleratzea ere badarabil buruan. Otsailaren 8an eskainiko du lehen zuzenekoa, Getxon (Bizkaia), eta, azaldu duenez, ordurako prest nahi du lehen kanta berria ere.
Aitortu du beldur apur bat gaur Arriaga antzokian eskainitako prentsaurrekoan. “Duela zortzi bat urtez geroztik dut ideia buruan, baina ez naiz ausartu orain arte. Orain sentitzen dut neure burua horrelako erronka bati aurre egiteko prest”. Orain arte beste musikari batzuen laguntzaz eskaini ditu zuzenekoak beti, eta, azaldu duenez, bere burua frogatzeko gogoz dago orain. Hainbat kontzertu eskainiak ditu aurrez prestaketa modura. Gasteizen izan zen, esaterako, iaz. Eta ongi sentitu da musikaria halakoetan. “Test pertsonal moduko bat dira halako kontzertuak, eta presioa eta nekea handiagoa den arren, satisfakzioa ere ikaragarria da”.
[youtube]http://youtu.be/7FX9MoPoR8Q[/youtube]
Kanta berrien musika aurreratua duela dio Urdangarinek, eta hitz guztiak berak sortu nahi lituzkeela aitortu du. Sortu ahala joango da kantak zuzeneko errepertorioan txertatzen, baina libre aritu nahi duela dio oraingoz. “Konpromiso moduko bat badut abenduan diskoa ateratzeko, egia da hori, baina neure buruari ez diot jarri nahi presio hori. Ez banaiz heltzen, barkamena eskatuko dut, eta hurrengo urtean egingo dut”. Bestela esanda, beraz: sukaldeko sentsazio hori da lortu nahi lukeena.