Bertsolaritza

Urriaren 15ean hasiko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketak

Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izango dira abenduaren 3ra arte. Finala Bilbon egingo da abenduaren 17an, Miribillako pabilioian.

jarraia127440.jpg
2016ko urriaren 5a
12:36
Entzun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa formatua aldatuta abiatu zen apirilean. Fase bat gehitu zioten: udaberriko fasea. Bertan 56 bertsolarik parte hartu zuten bederatzi saiotan. Hor sailkatutako 25 bertsolari arituko dira orain udagoieneko faseko kanporaketetan, eta haiekin batera, Bizkaiko Txapelketako finalean inoiz kantatu duten bost bertsolari lehiatuko dira. 30 bertsolari, guztira.

Ondoren, 30 horietatik sailkatzen diren hamahiru bertsolariek bost finalaurrekotan hartuko dute parte, eta 2014an finalista izan ziren bost bertsolari batuko zaizkie horietan: Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Hemezortzi horietatik finalaurrekotan sailkatzen diren zortziak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean lehiatuko dira Bilboko Miribillako pabilioian, abenduaren 17an.

Kanporaketak urriaren 15ean hasiko dira Mungian. Horrez gain, Sestao, Igorre, Leioa eta Zaldibarren ere izango dira, azaroaren 5era bitarte. Ondoren, lehen finalaurrekoa azaroaren 10ean izango da Markina-Xemeinen, bigarrena azaroaren 27an Basaurin eta abenduaren 3an azkena, Larrabetzun.

Sarrerak gaurtik aurrera eros daitezke internet bidez www.bertsosarrerak.eus helbidean, edo egunean bertan saio guztietan egongo diren txarteldegietan, 16:00etatik aurrera. Saio guztiak 17:30ean izango dira, finala izan ezik. Finala 17:00etan hasiko da eta txarteldegia 15:00etan irekiko dute. Kanporaketa eta finalaurreko guztietarako bonoa eskuragarri dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.