Urte askoan, kantu aske aski

Balerdi Balerdikoak estudioko lanean ari dira ostera ere, zalerik fidelenak asetzea beste xederik ez duten piezak grabatzenLoturarik gabeko kantuak osatu dituzte, musika genero jakin bati katigatu beharrean

Toño Muro eta Segio Ibarrola Zara Balerdi Balerdiko kideak, Xabi Navarro Jota teknikariarekin, Amorotoko Goiogane baserriko estudioan. JON HERNAEZ / ARP.
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Beti izan dira kritika onak jasoagatik salmenta kaskarrak izaten dituzten talde horien espeziekoak. Apurtzaileak sorreran, kultuzkoak gerora, sekula entzule masarik mugiarazi gabeak, baina jarraitzaile apur horiek beti atezuan dituztenak, hurrena zerekin harrituko. Izan ere, Balerdi Balerdikoek ez dute inor aspertu nahi garai bateko errepertorioa ad infinitum errepikatuaz, eta kantu berriak grabatzen ari dira, azkenekoz estudioan sartu zirenetik dozena bat urtera.

Ez da, ordea, bat-bateko itzulera izan. Taldeko jatorrizko hiru kidek —Toño Murok, Marino Goñik eta Sergio Ibarrola Zara-k— agertokietara bueltatzea erabaki zuten 2009an, Balerdi Erdi izenarekin. Hainbat emanaldi eskaini ostean, Goñik uztea deliberatu zuen, eta Kontuz hi! taldean aritutako baxu jotzaileak hartu zuen haren tokia. Azkenik, urte eta erdiren buruan, Carlos Ortiz sartu zen, eta berarekin sartu dira estudioan kantu batzuk grabatzera.

Azken hiru urteetan apurka sortuz joan diren kantuak erregistratuta edukitzearren sartu dira estudioan, Zarak azaldu duenez: «Ez genuen linboan gal zitezen nahi, eta, gainera, gure zale maitagarri eta eskas horiek merezi dute plazer pixka bat». Xabi Navarro Jota-k, aspaldidanik Bilboko Kafe Antzokiko soinu teknikari denak, baztertu ezin diren eskaintza horietako bat egin zien, «debalde hitz magikoarekin». Horrela iritsi dira Amorotoko (Bizkaia) Goiogane baserriko kortara, Paulillo Erdozia Etsaiak taldeko sortzaileak eta Jotak beren eskuz Musikorta estudioa atondu zuten lekura.

Oraingoz, abestiak grabatu bai, egingo dituzte, baina ondoren zer etorriko den aztarrenik ere ez daukate. «Diskoa, salgai moduan, produktu gisa, argitaratzea ez dugu oso argi ikusten», dio Zarak. Autoprodukzioaren ideia aztertzen ari badira ere, argitaratzekotan Gor diskoetxearekin egin nahi lukete, gainerakoan «betiko neskalagunari adarrak jartzea bezala» litzateke eta. Hori bai: «Ez dut uste interesik izango dutenik, ez da inondik ere negozio ona. Lehen gutxi saltzen bagenuen, pentsa orain, barregarriak lirateke zenbakiak», komentatu du Zarak.

Osatu berri dituzten kantuak, ezer izatekotan, «kantu askeak» direla nabarmendu du Murok. Beren esperientziatik abiatuta egin dezaketen «edozer» egiteko askatasuna hartu dute, eta kantu gehienek ohiko power pop kutsua duten arren, badira folk-rockera jotzen duten bizpahiru, eta baita ska bat ere. «Behin hona iritsita, ez dugu estilo finkatu eta esklusibo bat izan nahi», dio Murok, «etaateratzen zaiguna egiten dugu; edozein estilotan kantu bat sortzeko bezain aske sentitzen gara. Agian, ez dugu ska gehiago egingo sekula, baina une jakin batean atera zitzaigun».

Muro bera izan da doinu eta hitz guztiak egin dituena, nahiz eta 10-11 kantuetatik lau lehengo Balerdi Balerdik grabatu gabe utzitakoak diren, eta horien hitz batzuk —Linboan abestiarena, konparazio baterako— Pello Lizarralde idazlearenak. Gainera, konposizio berrien hitzak orrazten ere lagundu dio Lizarraldek Murori. Arregloak, ostera, guztien artean osatu dituzte: «Zarak oso argi izaten du kantu batzuetan zer lortu nahi duen, eta horrek asko eragiten du», argitu du Murok.

Hiruko klasikoaren gainean eraikitako abestiak dira —gitarra, baxua eta bateria—, baina estudioan egotearen luxua aprobetxatuz, «ahalik eta kanturik jantzienak» osatu nahi dituzte. Hartara, harmonika, teklatua, marakak, melodikak, eta gisako instrumentuak gehitzeko asmoa dute, abestiak gorpuzteko. Jada amaitu dituzte baxu, bateria, gitarra eta ahots lanak, eta laster azken ukituak sartzen hasiko dira. Hala ere, badute lasai ibiltzeko denborarik, urriaren 6an eskainiko baitute hurrengo kontzertua, Beasaingo gaztetxean. Zuzenekoen kasuan, adinarekin sibarita samarrak bihurtu direla onartu du Zarak. «Nahiko maniadunak gara, nahiago dugu areto txikietan jo, eta etortzen dena gu ikustera etor dadila. Aldiz, super-aretoekin eskarmentu pixka bat badugu, eta ez zaizkigu gustatzen. Agian 10.000 pertsona egongo dira begira, baina benetan entzuten ari direnak areto txiki batean kabitzen dira».

Diogenesen gaitza musikan

Egun, orain 20 urte baino musika panorama aberatsagoa ikusten du inguruan Zarak: «Oroitzen dut, adibidez, Hemendik At! atera zirenean eskandalu ikaragarria sortu zela. Egun, berriz, rapa dago euskaraz, pop-rocka, bakailaua, elektronika, rockabillya...». Muroren irudiko, ostera, musikariak bainoago, publikoa da askotarikoa. «Orduan estilo gutxiago zeuden, eta gure inpresioa zen jendeak ez zituela betiko gauzak besterik balioesten». Dena dela, izan ziren beraiek baino gehiago sufritu zutenak. «Jotakieren garaia krudelagoa izan zen», esan du Zarak, «rock erradikala deiturikoari aurre egitea tokatu zitzaien eta. M-ak-ek ere gaizki pasatu zuen, gurekin alderatuta. Gu modernoagoak gara, eta ez genuen horrelako estigmarik nozitu».

Egungo euskal eszenaren berri handirik ez dutela aitortu dute. Pantxo Etxebere Pottoka-k atera berri duen bost kantuko diskoa aipatu du Murok, baina gainerakoan, atzerriko erreferenteak ditu, batez ere. «Zara eta biok mod musika entzuten hasi ginen, The Who, The Jam, eta halakoak. Azken urteetan rock amerikarra gustatu zaigu, Los Lobos taldea, adibidez. Batzuen irudiko ez da rock talde bat, baina bada, eta azken bi hamarkadetako handienetako bat, gainera. Musika australiarra ere entzuten dugu: Zarak oso gustuko du Hoodoo Gurus».

Balerdi Balerdikoen askatasunaren aldeko aldarrikapena zeharo modu kontzientean egina da, egungo joera nagusia kontrakoa dela iruditzen baitzaie. Askotariko musika bai, baina, kontraesana badirudi ere, oraindik joera batzuk daude indarrean, beraien ustez, eta zail izaten da horiei ihes egitea. «Taldeak osatzerakoan, jendea estilo bakarrean katigatuta gelditzen da, badago joera musika mota bakar horretatik ez ateratzeko», dio Murok. 70 eta 80ko talde batzuk irekiagoak zirelakoan dago. Gisa berean, teknologia berriek ekarri duten musikaren zabalpena «zoragarria» dela iruditzen bazaie ere, albo kalte ugari antzematen dizkiote. Zarak uste du jendeak musika kontsumitzeko duen erak asko duela ikustekorik diogenesen sindromearekin: kultura asko besarkatu, eta barneratu, batere ez. «Gorka Urbizu bakarrik ezagutzen dut, talde mordoaren berri izan eta nahasten ez dena. Hori gertatzen da tipoak sekulako zaletasuna duelako; 14 urterekin sos batzuk poltsikoratu bezain pronto diskoak erosten gastatzen zituen. Noski, eragin horiek denek arrastoa uzten dute, eta orain Gorka gai da Katamalo bezalako talde bat sortzeko, eta une berean Queens of the Stone Age moduko zerbait, Berri Txarrakekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.