Urte berriak dakarrena

Kultur ekitaldien agendak osatuz doaz urtea hastearekin batera. Munduko hainbat txokotan antolatzen diren jaialdi eta museoetako arduradunek jadanik eman dute 2012rako prestatu duten eskaintzaren berri.

Maite Alustiza.
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Kultur egutegiak koloreztatuta dakartza 2012ko hainbat egun, zenbait jaialdi eta erakundek prestatu dituzten ekitaldiekin. Londresko Olinpiar Jokoen ondorioz antolatu diren kultur jarduerak dira urteko berezitasun nagusia; hala ere, beste hainbat hirik ere prestatu dute 2012rako euren ekitaldien zerrenda.

1. Kultur Olinpiadak Londresen

Londres Olinpiar Jokoen hiria izango da aurten, baina kirolarekin ez ezik, kulturarekin lotutako hainbat ekitaldi ere izango dira uda garaian. Ekainaren 21etik irailaren 9ra arte musikaren, antzerkiaren, zinemaren, modaren eta dantzaren inguruko 330 ekitaldi antolatu dituzte.

Alfred Hitchcock zinemagileari tarte berezi bat eskainiko diote ekainean. Zuzeneko musikaz lagunduta, haren hiru lan emango dituzte Wilton's Music Hallen: The Pleasure Garden, The Lodger eta Blackmail. Hitchcokekin batera, William Shakespeare ere gogoan izango dute. Haren inguruko erakusketa bat egongo da British Museumen, uztailaren 19tik azaroaren 25era. Gainera, hiriko zenbait museok beste artista batzuk omentzeko aukera aprobetxatu dute Kultur Olinpiadetan: Lucian Freud gogoratuko du National Portrait Galleryk, David Hockney Royal Academyk, Yoko Ono Serpentine Galleryk eta Damien Hirst Tate Modern museoak.

Antzerki emanaldien artean, Sydney Theatre konpainiaren Gross und Klein antzezlana dago. Cate Blanchetten zuzendaritzapean, apirilaren 13tik 29ra ikusi ahal izango da, Barbican aretoan. Dantzari dagokionez, Big Dance jaialdiak bat egingo du aurten Kultur Olinpiadekin, uztailaren 7tik 15era (Big Dance jaialdia 2006tik egiten da). Londresera ez ezik, Erresuma Batuko beste zenbait hiritara ere helduko da dantza jaialdia. Damon Albarnen Dr Dee opera, Tate Modern museoko Oil Tanks erakusketa eta Pina Bausch koreografoaren omenezko dantza zikloa ere egitarauaren parte dira.

2. Guimaraes etaMaribor kultur hiriburu

Turku (Finlandia) eta Tallinen lekukoa hartuko dute aurten Maribor (Eslovenia) eta Guimaraes (Portugal) hiriek Europako kultur hiriburu gisa. Mariborrek urtarrilaren 13an hasiko ditu ekitaldiak; Guimaraesek, berriz, hilaren 21ean. 412 ekitaldi iragarri dituzte Mariborren, 238 hirian bertan, eta gainerakoak inguruko hainbat herritan, hala nola Velenjen, Ptujen, Murska Sobotan, Novon eta Slovenj Gradecen. Lau ataletan banatu dute programa, eta bakoitzak gai bat izango du ardatz. Arte sorkuntzen inguruan ariko dira Terminal 12 programan, hiriaren eta artistaren arteko harremana landuko du Keys of the City-k, sorkuntza gizartearekin harremanetan jarriko du Urban Furrows atalak, eta gogoetarako multimedia espazioak sortuko dira Lifetouch programaren bidez.

Guimaraesen ere lau aldi iragarri dituzte, «kolore, usain, soinu eta argi ezberdinetakoak». Urtarriletik martxora arte «elkartzeko unea» izango da; «sorkuntzarako ordua» martxotik ekainera; «denbora librerako unea» ekainetik irailera, eta «berriro jaiotzekoa» irailetik abendura bitarte. Komunitatea, hiria, pentsamendua eta artea landuko dituzte, hurrenez hurren. 2012aren ondotik, Marseilla (Frantzia) eta Kosice (Eslovenia) izango dira kultur hiriburuak.

3. Europako museoak, artistak omentzen

Europako zenbait hiriburuk hainbat artista gogoratuko dituzte aurten. Vienan Gustav Klimt artistaren inguruko erakusketa bat zabalduko dute ekainaren 15ean, Belvedere jauregian; Parisko Pompidou zentroak, berriz, Edvard Munch pintorearen «begirada modernoari» eskainitako erakusketa irekiko du urtarrilean. Londresen ere gogoan izango dute Munchekainetik urrira. Margolari alemaniar horrekin batera, Picasso ere gogoratuko dute Londresen, Tate Modern museoan, otsailetik uztailera.

Alemaniako hiriburuan ez ezik, Dresden eta Munichen ere izango dute zer gogoratu. Gerhard Richter «XXI. mendeko Picasso» Dresde jaioterrian omenduko dute otsailean, eta Munichek Wassili Kandinski eta Franz Marc izango ditu gogoan. Madrilek ere hainbat atzera begirako dauzka prestatuta. Thyssen-Bornemiszan Marc Chagall errusiarraren eta Edward Hopper estatubatuarrarenak izango dira; Reina Sofia museoan, berriz, Hans Haacke, James Coleman eta Maria Blanchard artisten lanak ikusi ahal izango dira. Murillo, Van Dyck, Vincent Van Gogh eta Francisco Goyaren erakusketak irekiko ditu Prado museoak.

4. Unamunoren omenez

Miguel Unamuno idazle eta filosofoa (Bilbo, 1864; Salamanca,1936) omenduko dute aurten Salamancan (Espainia). Horretarako, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte urte osorako, 2012, año de Unamuno programarekin. Antzerkia, kontzertuak, tailerrak, erakusketak eta zinema zikloak prestatu dituzte Unamunoren heriotzaren 75. urteurrenean. Larunbatean hasiko dute programa, argazkien erakusketa batekin. Salamancan egingo diren Liburuaren Egunean, Liburuaren Azokan eta Iberoamerikako poeten topaketetan ere Unamuno izango da protagonista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.