Donostia 2016

Urtea "indartsu" hasteko, lau eguneko egitaraua

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak Sansebastian Egunarekin ekingo diote urteari; lau egunetan 70 ekitalditik gora izango dira hirian.

Donostia 2016ko inaugurazio ekitaldien aurkezpena. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2015eko abenduaren 18a
13:06
Entzun

"Ilusioz" eta "indartsu" hasi nahi dute urtea Donostia 2016 Kultur Hiriburutzako sustatzaileek, eta horretarako prestatu dituzten inaugurazio ekitaldiak aurkeztu dituzte. Sansebastian Egunez hasi, eta urtarrilaren 24ra bitarte, 70 ekitaldi izango dira hiriko hainbat gunetan. Hilaren 23an izango da inaugurazio ekitaldi nagusia, Xabi Paya Donostia 2016ko Kultur programazioaren arduradunak azaldu duenez. Alboan izan ditu aurkezpen lanetan Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusia, Eneko Goya Donostiako alkatea, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendaria eta Rita Unzurrunzaga Ekain Arte Lanak galeriako arduraduna.

Danborrada izango da inaugurazioaren osagai nagusietako bat, Sansebastian Egunez, gauerdian hasiko baitituzte inaugurazio ekitaldiak. Egunean zehar hiriko leku ezberdinetan baina ordu berean Sarriegiren martxa eta Europako ereserkia joko dituzte danborradek. Haurren danborradak, berriz, partaide bat gehiago izango du aurten: Europako 2016ko beste kultur hiriburua den Wroclaw hiri poloniarreko haurrek osatutako konpainia batuko zaie donostiarrei.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala urtarrilaren 23an izango da. Arratsaldean ekitaldi instituzionala egingo dute Viktoria Eugenia antzokian, eta iluntzean, berriz, Elkarbizitzaren zubia izenburupean, ekitaldi nagusia.

Eta bi egun horien tartean, 70 ekitaldi, askotariko diziplinetako adierazpideak, euskal zein nazioarteko artisten parte hartzea... San Telmo museoak Gaur taldearen inguruan apailatu duen erakusketa eta hiriko arte galeriek egun horietan inauguratuko dituztenak barne. Azken batean, "tradiziotik abangoardiara", hirian hainbat aukera izango direla azaldu dute sustatzaileek. Doan izango dira ekitaldi guztiak. 

Donostia 2016ko patronatuko ordezkariak —Donostiako Kultura zinegotzi Miren Azkarate, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultur diputatua eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea— eta hiriko kultur erakunde, jaialdi eta eragileetako hainbat ordezkari izan dira aurkezpenean, tartean, Tabakalera eta Zinemaldikoak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.